Quejon etxea erosi eta konpontzen ari zenean aurkitu zuen Saray Camarerok eskuizkribu zahar bat tiradera batean. Pergamino orriak zituen, eta kantu-liburu gregoriano baten larruzko azalak. Interesgarria iruditu zitzaion aurkikuntza, eta irakurtzen saiatu zen. "Zati batzuk errazago ulertzen ziren, baina beste batzuk oso letra eskasa zuten, eta ezin izan nuen", azaldu du.
Ahalegin handiak egin ondoren, Camarerok deskubritu zuen eskuizkribua 1595 eta 1858 urteen artean idatzi zutela, pertsona ezberdinek. Quejotik bost kilometrora dagoen San Millan de San Zadornil (Burgos) herrian aspaldi egon zen ospitale-hospizio baten kontuak azaltzen dira han.
Birritan pentsatu gabe joan zen San Millan de San Zadornilera, eta edadetuei galdetzen hasi zitzaien ospitalearen berri ote zuten. Batek baietz erantzun zion, etxea erosi zuenean orduko jabeak esan ziola hospizio edo ostatu bat izan zela bertan, baina goitik behera bota zuela, eta gainean eraiki zuen beste etxe bat, adreiluzkoa.
Erreferentzia hori galdu ondoren eta gehiago ikertzeko denbora faltan, eskuizkribuarekin zer egin erabaki behar izan zuen Camarerok. Azkenean, iazko apirilean, Arabako Artxibo Historikora eramatea erabaki zuen, nahiz eta ingurukoek begi onez ez ikusi. "Batzuk esan zidaten kenduko zidatela, beste batzuk pentsatzen zuten milioiak balioko zituela..., azkenean egun batean paperak hartu nintuen, eta artxibora eraman nuen", esan du gazteak.
Eskuzabaltasuna
Pepe Sainz Varela Arabako Artxibo Historikoko zuzendariak adierazi du ez dela batere ohikoa jendeak halako dokumentuak agiritegira eramatea. "Saray oso eskuzabala izan da, beste batzuk ez, beste batzuk eskuizkribua etxean gordeko zuten, nahiz eta ez jakin zertarako balio duen ezta zer jartzen duen ere", nabarmendu du Sainzek. "Pertsona batek agiri bat aurkitzen duenean, paper horia eta letra arraroa baldin badu, altxorraren mapa topatu duela pentsa dezake, edo oso-oso aparta dela, bere bizitza osoan ez duelako horrelakorik ikusi, baina hemen milaka ditugu horrelakoak".
Horrek ez du esan nahi Quejoko dokumentuak balioa ez duenik, izan ere "balio handiko" agiria dela esan du Artxibo Historikoko zuzendariak. "Dirua balio du? Ez, hau bezalako asko ditugulako hemen, gai ezberdinen ingurukoak. Agiri hau nori interesatzen zaio? Hospizioari buruz edo Gaubeako historiari buruz ikertu nahi duen edonori. Agiri hau galtzen baldin bada, nork galtzen du? Historiak galtzen du. Kontuan hartu behar da agiriotan jasotzen direla garaiko pertsonen izenak, tokiak, gertakariak... balio historiko handia du, baina dirutan ez du baliorik".
Halako aurkikuntza baten aurrean, nahi eta nahi ez balizko balio ekonomikoari erreparatzen zaio, eta sarritan beldur da jendea artxibora eramanez gero ez ote dioten jabetza kenduko. Gauzak argi utzi ditu Sainzek: "Saray bera da dokumentuaren jabea. Hitzarmen bat sinatuko dugu gauzak argi eta garbi uzteko. Dokumentua digitalizatu dugu, eta zati batzuk transkribatuko dizkiogula hitz eman diogu".
Juan Ruiz apaizaren testamentua
Bost kilometroko distantziak banatzen ditu Quejo eta San Millan de San Zadornil; ez da harritzekoa, beraz, Burgosko herriaren aterpeari buruzko eskuizkribua Arabako herri txikiaren etxe batean agertzea. Erdaraz idatzitako liburuxka da, eta 1595 eta 1858 urteen artean herriko hospizio-aterpean jazotako hainbat kontu jasotzen ditu.
Aterpearen sorrera Juan Ruiz izeneko pertsona bati zor zaiola dio eskuizkribuak, denbora hartan San Millango apaiza zena. Ruiz 1600 urtean hil zen, eta testamentuan jasotzen du bere etxea "ospitale" bihurtzeko, eta lurrak alokairuan jartzeko aginduak; gainera lurraren errentak, urtero, Corpus garaiko ostegunean, txiroei ogia banatzeko erabili behar zirela esaten du. "Fanega bat zuzendu behar da Corpus Christi egunean inguruko txiroei ogia banatzeko", diote pergaminoek.
Pepe Sainz Arabako Artxibo Historikoaren zuzendariak azaldu duenez, lehengo "ospitaleak" bi motakoak izan zitezkeen: "odol-ospitaleak" dira egun ospitale bezala ezagutzen ditugunak, eta beste batzuk hospizioak edo txiroen aterpeak ziren. Quejoko pergaminoetan jasotzen den etxea txiroen aterpea da, aterpe txikia, izan ere jasota dago etxeak bi ohe bakarrik zituela, "bi estalki" eta "bi burko"; "sexu bereko" bi lagun bakarrik jasotzeko baimena ematen zuten etxean, gau bakar batez.
Tirabirak ogiarekin
Pergamino zaharretan idatzita dago, besteak beste, 1757. urtean Burgosko Gotzaindegiak "bisitari bat" bidali zuela San Millan de San Zadornilera, entzun zutelako aterpeko maizterrak ez ziela ogia banatzen txiroei. Francisco Diez izeneko maizterrak agirian idatzita utzi zuen ezin ziela ogia banatu txiroei, lurrek ez zutelako behar adina gari ematen.
Artxiboko zuzendariak azaldu duenez, agirian idazten zuten, batetik, etxeko maizterrek, eta bestetik Gotzaindegiak bidaltzen zituen bisitariek, edo batzuetan herriko apaizek. "Kontuak eramateko liburu bat baino gehiago bisiten liburu bat da, edo aktak jasotzeko liburu bat, orduko tirabirak islatzen dira".
Kantu liburu zahar baten orriekin osatuta dago Quejoko etxean aurkitu duten eskuizkribua. "Kantu liburuak zahartzen zirenean, pergaminoko orriak pisura saltzen zituzten, eta beste liburuxka batzuk egiteko berrerabiltzen ziren; azala gregorianoko liburu batekin eginda dago", azaldu du artxiboko zuzendariak.