Zadorraren inguruneari balorea emateko plana onartu du Iruña Okak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ots. 17a, 17:19
Trespondeko zubiaren ingurunea. PHOT.OK

Zadorra ibaiaren inguruko ondare naturala, historikoa eta kulturala berreskuratzeko lehentasunak finkatu dituzte, zortzi urtera begira.

 

Bi urteko lanketaren ostean behin betiko onartu du Iruña Okako Udalak Zadorraren paisaiaren ekinbide plana. Ibaiaren inguruko ondare kulturala, naturala eta historikoa berreskuratzeko neurriak finkatu dituzte. 3.570.000 euroko aurrekontua onartu dute plana aurrera ateratzeko, zortzi urteko epean. Udalak argitu duenez, urtero aztertuko dituzte udalerrian dauden beharrak eta horren arabera erabakiko dute paisaiaren planera bideratuko duten diru-partida.

Bost eremu geografikotan banatu dituzte jarduketak, eta horien arabera zehaztu dituzte lehentasunak. Santa Catalinako lorategi botanikoak, Eskurriganako harrobiak eta Conjuradero meandroak osatzen duten eremuan abiatuko dira premiazko neurri gehienak; bertan atzeman dituzte jarduketa kaltegarri handienak, besteak beste, Trespondeko bi harrobiak, itxita dagoen Faconor lantegia, goi-tentsioko linea, makaldi landaketak, eta arauz kanpoko eraikinetan.

Iragan astean onartu zuten egitasmoa aurrera ateratzeko, herritarren konpromisoa eta parte-hartzea bilatuko dute, Iruña Okako Udaletik jakinarazi dutenez.

Lehentasunak:

Santa Catalina-Eskurrigana-Conjuradero meandroa

Faconor fabrikaren ingurua egokitzea, Iruña Veleiako sarbidea izateko.

Iruña-Veleia Kultur Ondarea izendatu eta 2020 gidaritza plana babestea.

Trespondeko errotan, San Pelaion, Langraiz Oka IIn, Santa Marinan, eta Vado kokalekuan dauden aztarnategiak babestea.

Eskurriganako harrobiaren zabalpena ekiditea eta Santa Catalinara doan bidearekin integratzea.

Arkiko eta Garaboko meandroetan dauden landaketen eskubideak erostea, ibaiertzaren landaredi naturala berreskuratzeko.

Biloda-Islako meandroa-Garabo

Garabo auzoa antolatu eta urbanizatzea.

Garaboko pasabideak berreskuratzea.

Moto-kros zirkuitu batek okupatu duen Vayaguengo dorre optikoaren ingurunea berreskuratzea.

Zibaguti eta Sorribas meandroak

Landa zoruko eraikinetako materialen erabilera ordenatzea, bereziki nekazaritza eta abeltzaintzakoak.

Auzo batzarren jabegokoak diren eta landa zoruan prekarioan dauden baratzak arautu eta ordenatzea. Udal ordenantza onartzea.

Eremu hostotsuetako nekazaritza eremuetan dauden muinoak babestea.

A-1 errepidearen ingurua

Sorribas auzoaren eta bertan dagoen abandonatutako makineriaren parkea integratzeko egitasmoa egitea.

Industria eraikinetan erabili daitezkeen materialak eta koloreak arautzeko eta mugatzeko ordenantzak.

Industrialdeetan libre dauden tokietan baratzak sortzea, daudenak ordezkatzeko.

Zadorra ibiaiaren Ibibide Berdea ordenatzeko plana.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide