Bellojin herri ñimiñoaren sekretuak agerian dira

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ots. 3a, 13:07
Bellojinen bisita gidatua antolatu du Gaubeko turismo bulegoak.

Gaubeako turismo bulegoa udalerriko ondarearen garrantzia azpimarratzeko ahalegina egiten ari da; sorpresak iragarri ditu.

 

anle gutxi Bellojinek; 1156. urtean, adibidez, "zazpi biztanle eta alargun bat" soilik bizi ziren herrian, 1773. urtean, berriz, sei lagun bizi ziren eta beste hogei "komulgatzera joaten ziren"; egun hiru biztanle ditu erroldan, eta lau etxe zabalik. Txikia izan arren, ondare arkitektoniko eta historiko aberatsa gorde du, baita hainbat sekretu eta misterio ere. 

Bertan dago, adibidez, Gaubeako eliza zaharrenetakoa, Arabako landa-erromanikoaren ezaugarri nagusiak dituen San Cornelio eta San Cipriano tenplua. Udalerrian dagoen ondarearen garrantzia azpimarratzeko ahalegina egiten ari da Gaubeako turismo bulegoa, eta batere ezagunak ez diren eraikinak eta herrien historiak berreskuratu nahi dituzte, eta bisitariei erakutsi.

Bellojin izan da lan horren lehen urratsa. Dagoeneko egin dute herri txikiaren ondareari buruzko aurkezpena, bellojindarrei bereziki dedikatutako bisitaldi gidatu bat antolatuta. Bellojineko San Cornelio eta San Cipriano eliza erromanikoa deskubritzeko aukera izan dute bisitariek, baita tenplarioen inguruan solas egiteko ere. Izan ere, tenplarioen inguruko kondairek indar handia dute herriko ahozko tradizioan, eta gaubear askok entzuna dute inguruan tenplarioak ibili zirela.

Halaber, Yolanda Sobron turismo bulegoko arduradunak nabarmendu du, elizaren inguruan aurkikuntza harrigarri baten berri emango dutela aurki: "Une honetan eliza honen zenbait elementu arkitektoniko aztertzen ari gara, beste interpretazio bat ematearren". Orain arte tenpluaren inguruan esandakoak "hankaz gora" jarriko lituzke turismo arduradunak aipatu aurkikuntzak. 

Dekorazio interesgarria

Dena dela, aurkikuntza  harrigarria itxaron gabe merezi du bisitak, ez baitzaizkio kalitatea eta edertasuna falta XII. mendeko elizari. Erromanikoko eliza guztietan bezala, absidea ekialdera begira dago, eguzkia ateratzen den tokira; eta absidea da hain zuzen elizaren zatirik zaharrena, kanoi-erdiko nabearekin batera. Ekialdean gezileiho bat dago, Arabako erromanikoaren barnean kontserbaturiko antzinakoenetakoa. Askoz beranduago eraiki zuten atxikita duen kanpandorrea, eta tenpluaren sarreraren ondoan beste eraikin bat; azken hori eliza zaharberritu zutenean eraitsi zuten. 

Elizaren portadan deigarria da hainbat harritan agertzen diren marrak. "Bellojin garai batean kapareen herria zen, eta hauek dira ezpatak eta labanak zorroztearen markak", azaldu du Sobronek. Bestalde, portadako eta barruko kapitelak nabarmendu ditu, interpretazio anitzen iturburua baitira. Animalien eta landareen irudiak agertzen dira kanpoan, eta barruan gehien bat gizakien irudiak daude, jarrera arrotz eta lizunetan. "Ekialdeko eragina atzeman daiteke zenbait kasutan, mundu musulmanaren eta kristauaren arteko nahasketa dago; mitologia ezberdinak nahasten dira", adierazi du turismo bulegoko arduradunak.

Tenplarioak hizpide

Bestetik, Bellojineko elizaren portadan gurutze patea izan daitekeena ikus daiteke, eta herriaren inguruan tenpleko ordenaren ermita bat egon dela jaso da. "Antzinako ahozko tradizioaren arabera, tenplarioen eskualdea osatzen dute, besteak beste, Bellojin, Atiega, Gesaltza-Añana, Ginea, eta Villamaderne herriek, baina ondo ikertu beharko litzateke auzia, gurutze pateak lehenago ere egiten zirelako, eta agian ez duelako zerikusirik tenplarioekin, zuhurrak izan behar gara, kopiatzen diren elementuak izan daitezkeelako; ezin ditugu tenpleko sinboloak nonahi ikusi". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide