Neguko boilurra txertatuta duten zuhaitzen sail batean izango da erakustaldia; bertan txakur baten laguntzarekin boilurra biltzeko modua erakutsiko diete bisitariei. Ondoren, boilurrarekin prestatutako jakiak dastatzeko aukera izango dute eta, halaber, boilur beltza erosi ahal izango dute parte hartzen dutenek.
Araban aspalditik izan da boilur beltza; hala ere, Kanpezuko eta Gaubeako herritarrak 1950eko hamarkadatik aurrera hasi ziren boilurra jasotzen, eta 1990ko hamarkadan lehenbiziko plantazioak egiten hasi ziren inguru horietan. Hala, 1990-1995 urteetan 66 hektarea landatu ziren (51 Mendialdean eta 15 Arabako Bailaran). Hurritzak, arteak eta haritzak erabili zituzten onddoa txertatzeko.
Emaitza bikaina
Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2002-2003 kanpainan, batez beste, hogei kilo boilur jaso ziren Araban hektarea bakoitzeko, eta kilo bakoitzeko 250 euro ordaindu zituzten. Hartara, 2015. urtean 470 hektarea gehiago landatzea aurreikusi zuten Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak, Mendialdean eta Arabako Errioxan hain zuzen. Onddoa sustatzeko dirulaguntzak ere bideratu dituzte azkeneko urte hauetan.