Barrongo urtegiari buruzko informazio prozesu bat zabaltzea onartu du Diputazioak, 2017ko aurrekontuaren barruan. EH Bilduk eta Podemosek aurkeztutako proposamen bana onartu dituzte Batzar Nagusietan, eta honezkero Barrongo urtegiaren kontrako plataformak eskatu bezala, informazio kanpaina eta jardunaldi batzuk antolatuko dituzte; 2017. urtean. 20.000 euroko bi partida onartu dira informazio-prozesu hau martxan jartzeko.
Halaber, bigarren dirupartida bat onartu dute Añanako Kuadrillan lurzoruak ureztatzeko dagoen beharren inguruko txosten eguneratu bat egiteko; 15.000 euroko aurrekontua zuzenduko du Arabako Diputazioak lan horretarako, EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartu ostean. Lurrak ureztatzeko benetako beharrak ezagutu nahi ditu koalizio abertzaleak, Barrongo urtegia justifikatzeko azterketak zaharrak baitira, eta ez ei diotelako egungo errealitateari erantzuten.
EH Bilduko biltzarkide taldeko buru Kike Fernandez de Pinedok azaldu duenez, Barrongo urtegiaren kontrako plataformak behin baino gehiagotan salatu duen informazio faltari aurre egiteko asmoarekin aurkeztu zuten aste honetan bertan onartu den proposamena.
Prozesu adostua
Koalizio abertzaleak zein Podemosek dagoeneko azaldu dute plataformarekin biltzeko eta prozesua adosteko asmoa. "Informazio kanpaina zein jardunaldien diseinuan parte hartzeko aukera izan behar dutela uste dugu", azaldu du Fernandez de Pinedok.
"Ahalik eta informazio zabalena eta anitzena partekatzea da helburua; jardunaldietan alde bateko zein besteko adituen iritziak mahai baten bueltan jarri eta ondorioak ateratzeko helburuarekin", nabarmendu du biltzarkide abertzaleak.
Dena dela, Fernandez de Pinedok argitu duenez, ez dago inongo konpromisorik Barrongo egitasmoaren obra gelditzeko, eta informazio-prozesuaren ondorioak eta emaitzak ez dira berez lotesleak. "Informazio-prozesu hau aurrera ateratzeko borrokatu beharko da, eta behin emaitzak edo ondorioak ateratzen direnean ere lan egin beharko da, horiekin aurrera egiteko", azpimarratu du EH Bilduko eledunak.
Urtarrilaren 26an, bilera
Pozez eta zuhurtziaz hartu dute Barrongo urtegiaren kontrako plataformako kideek informazio-prozesuaren inguruko erabakia. Urtarrilaren 26an bilkura egingo dute, Barronen bertan, jardunaldien inguruan hitz egiteko, eta lanean jarraitzeko.