Patata Azokaren XXV. edizioa ospatuko dute 16an, Espejon

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 14a, 13:47
Iazko patata azokaren irudia

Patata Azokaren XXV. edizioa ospatuko dute Espejon, hilaren 16an. 20.000 kilo kennebec patata salgai jarriko dituzte inguruko nekazariek.

Patata Azokaren XXV. edizioa ospatuko dute Espejon, hilaren 16an; 10:00etan zabalduko da azoka, eta nahi duen orok aukera izango du egun horretan Gaubeako patatak erosteko. Izan ere, antolatzaileek aditzera eman dute 20.000 kilo kennebec patata salgai jarriko dituztela inguruko nekazariek, zaku handietan zein txikietan.

Boilur Arabako Elkarte Gastronomikoen Federazioak herri dastaketa egingo du azokan eta patatak zizekin sukaldatu eta banatuko ditu herritarren artean. 

Bestalde, artisau azokan 40 postu jarriko dituzte. Euskal Herriko ekoizleekin batera Errioxa, Kantabria, Gaztela-Leon eta Asturiasetik etorritako lagunek parte hartuko dute. Besteak beste, fruta, gazta, haragia eta barazkiak salgai egongo dira.

Umeek ere tokia izango dute azokan, jokuak eta tailerrak antolatuko baitira haiekin. Bitxikeria gisa, Ajuria markako garia jotzeko makina zaharra  funtzionatzen jarriko dute. 14:00etan hasiko da erakustaldia.

Eguerdi partean pilota partidak izango dira Espejoko frontoian; lehen partida Arabako bikoteek jokatuko dute, eta bigarrena Arturo Arbizuk eta Iñigo Pascualek, Aritz Lasa eta Mikel Goñiren kontra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide