"Bost mila larrainak niretzat alabatxoak bezalakoak dira"

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 29a, 14:01
Edorta Loma, gazkina. Arg: PHOT.OK

Zortzi urte zituenean sartu zen lehendabizikoz Edorta Loma Vadillo familiaren larrainetan, ordutik ogibideari eutsi dio kosta ahala kosta; Gatz Harana berreskuratzeko lanean giltza izan da Loma.

Gatz Haranaren larrainetan  hitzordua jarri zuen Edorta Loma Vadillok (Gesaltza-Añana, 1959) elkarrizketa egiteko, abuztu amaieran. "Eguzkiak agintzen du –esan zigun–, eta egun hauetan aprobetxatu behar dugu eguraldi ona eta beroa ditugula gatza biltzeko". Goizetan larrainak ureztatzen aritzen da Loma, gora eta behera haranean, eta menpean duen ekipoaren lana koordinatzen du, bide batez. Gatz Haranaren produkzio taldearen arduradunak berrogeitik gora uzta bildu ditu Gesaltza Añanan, zortzi urte zituenean lehenbiziko aldiz, familiaren larrainetan lanera sartu zenetik. Nahi gabe izan zen Gatz Haranaren gainbeheraren lekuko pribilegiatua 80. hamarkadan; baina gogo handiz eutsi zion Arabako eremu berezia berreskuratzearen aldeko lanari, larrainetatik bertatik, baita Udaletik ere, Gesaltza Añanako gazkina izateaz gain, Loma herriko alkatea eta zinegotzia izan baita urteetan, ezker abertzalearekin. 

Txikitatik zara gazkina. Tradizioko ogibide familiarra da. Zenbat gazkin daude egun Gesaltza Añanan? 

Duela urte eta erdi inguru Andres Angulo herrikidea hil zen, eta orain ni naiz hemen bakarra, zaharrena, betiko gazkina.

Nolakoa zen txikitan Gesaltza Añanako gazkinaren bizitza?

Abestiak dioen moduan,  gazkinaren bizitza oso tristea da, egun osoa lanean errealik ez irabazteko

Herriko guztiak aritzen zineten larrainetan lanean?

70. hamarkadan hasi ziren hemen sartzen ordurarte nekazariak zirenak; garia jotzeko eta biltzeko makinak erosten hasi ziren eta aukera izan zuten lurrak eta laboreak beste nekazari batzuen esku uzteko, eta larrainak erosi zituzten hemen. Horiek dira gazkin berriak, baina ez dira betiko gazkinak, ez direlako aritzen soilik gatzagetan. Aldiz, nire familian ez ginen nekazariak, ez ginen abeltzainak, gazkinak ginen,  gatzagan soilik lan egiten genuen, eta gu bezala familia ugari zegoen herrian. 

Zenbat gutxi gorabehera?

Oso zaila da zenbaki bat ematea, baina hirurehun pertsona baziren hemen, 70. eta 80. hamarkadetan lanean, eta denok aldi berean lan egiten genuen.

Nola banatzen zen jabegoa orduko haranean?

Gatzaga 156 granjatan banatuta dago, eta 5.000tik gora koadrotan, eta jabegoa banatuta egon daiteke modu askotan, familia batek izan ditzake 200 larrain, 150, 50, edo 20. Nik ikusi ditut bost mila koadro hauek, guztiak, funtzionatzen. Abandonatzen hasi ziren lehen koadroak, goiko aldeko horiek dira, – Gatz Haranaren ezkerraldean, La Tejera azpian dauden larrainak seinalatu ditu– txarrenak zirelako; udazkenean entrojea egin behar da eta urrunago daude, edo zailtasunak daude sartzeko.

Gatzagaren gainbehera zerk bultzatu zuen? Lehiakortasun faltak, errelebo faltak?

Faktore desberdinak batu ziren. Batetik, familiarekin oso lotuta egon den ogibidea da. Familian bost kide baldin badira, hamar beso dira, baina horietatik batek edo bik ez badute gazkin izan nahi, ez dago erreleborik, eta orduan hasten zara jabegoak abandonatzen, bost lagunekin egiten duzun lana ezin duzulako hirurekin edo birekin egin. Hala, pixkanaka murrizten joan ziren jabegoak. Beste alde batetik, herri hontako bitartekariek ez diote fabore handiegirik egin gatzagari, nik haiekin moztu nuen 80. hamarkadan. Gatza saltzen nuen Gipuzkoa aldean, kiloa 12 eta 13 pezetatan, eta badakit haiekin 6 eta 5 pezetatan saltzen zutela... bitartekariek tarte handia eramaten zuten. Beste alde batetik, garraioan sekulako aurrerabideak egon dira, oso azkar mugitzen dira orain merkantziak, eta itsasaldeko gatzagetan ateratzen dituzten ehunka mila kilorekin guk ezin genuen lehiatu.

Eta zu zergatik geratu zinen hemen?

Ni ere beste toki batzuetan egon naiz, baina inoiz ez dut Gesaltzarekiko lotura galdu, beti igaro dut gaua etxean, herrian, eta beti mantendu izan ditut 50 edo 60 larrain gauzak okertzen baldin baziren hortik bizitzeko eta laguntza ekonomikoa emateko amari, alargun geratu zenean, sosa triste batzuk bakarrik kobratzen zituelako. Baina, 2000. urtean larrainak Gatzagak Fundazioaren esku utzi nituen, plan zuzentzailea onartu zutenean.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 76. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide