Arabako suhiltzaileen parke zentrala, Langraiz Okan

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 18a, 12:00
Los Llanos industrialdeara sarbidea. Argazkia: PHOT.OK

Aurki hasiko dira Los Llanos poligonoan Arabako Suhiltzaileen Parke Zentrala eraikitzeko obrak. Bertatik koordinatuko dituzte herrialdeko suhiltzaileen parke guztiak, 24 orduz.

 

Foru Aldundiak lanak esleitu ditu jada, eta 9 hilabete aurreikusi ditu erakina egiteko. 1.800 metro koadro hartuko ditu herrialdeko suhiltzaileen parke zentralak, Langraizko Udalak utzitako lursailean. Los Llanosetik koordinatuko dituzte Arabako parke guztiak, alegia, Espejo, Kanpezu, Agurain eta Guardia. Suhiltzaileentzat beharrezkoak diren azpiegituraz gainera, ibilgailuak eta anbulantziak  jasotzeko guneak eraikiko dituzte bertan, baita heliportu bat ere, goiko aldean.

Arabako Suhiltzaileen Parke Zentrala gune estrategikoan eraikiko dute, hain zuzen A-1 errepidearen alboan, eta A-68tik oso gertu. Bestalde, Arabako hegoaldea eta mendebaldea zaintzeko aproposa da kokapena.

24 orduz

Bestetik, Arabako Foru Aldundiak adierazi du 2018. urterako Arabako Foru Suhiltzaileak izeneko erakunde autonomoa eratuta izango dela, eta suhiltzaileen parke guztiek izango dutela 24 orduko lanaldia. "Xedea argia da: Araban gertatzen den edozein gertakizuni, gehienez, 20-25 minutuan aurre egitea". Guardiakoa izango da lehena 12 orduko lanalditik 24 ordukora pasatzen. "2019rako Parke Zentrala eta eskualdeko parkeak 24 orduz irekitzen direnean, erakunde berriak 185 profesional izango ditu lanean".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide