Ehun kamioi klasiko inguru bilduko dira Espejon hileon

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 8a, 10:12
Añanako Kuadrillan ibilitako kamioi klasikoen argazki zaharrak.

25 urtetik gora dituzten ehun kamioi inguru bilduko dira herrian iraileko azken asteburuan

 

Kamioi Klasikoen XII. bilkura antolatu du Cipri Loizaga gaubear ezagunak Eduardo Aguillo eta Paco Corcuera  lagunekin batera. Bilkuran parte hartzeko ezarri duten baldintza bakarrak dira kamioiak 25 urte baino gehiago izatea, IATa indarrean izatea, eta asegurua izatea. Dagoeneko 70tik gora kamioi gidarik izena eman dute, baina ehun inguru biltzea aurreikusi dute.

Espejok ongi-etorria egingo die irailaren 23an kamioiei, eta larunbatean  zein igandean nahi duen orok aukera izango du kamioi ikusgarriak Gaubeatik gora eta behera ibiltzen ikusteko. Irailaren 24an, 10:00etan, kamioi klasikoen martxa egingo dute Espejotik abiatuta, eta honako herri hauek zeharkatuko dituzte: Espejo, Villanañe, Uribarri Gaubea, Gurendes, San Millan de San Zadornil, Quejo, Barrio, eta Bachicabo. 13:00etan kamioi guztiak bilduko dira berriro Espejon, eta 15:00ak arte erakusketa egingo dute Loizagak herrian dituen instalazioetan. Igandean, goizean, kamioi klasikoen erakusketa zabalduko dute berriro, nahi duen orok bisitatzeko.

Espejora hurbiltzen direnak aukera izango dute, besteak beste, lehen zein bigarren Munduko Gerra garaian ibili ziren kamioiak ikusteko, baita Espainiako Gerran ibilitakoak ere; horien artean Errusiako kamioiak erakutsiko dituzte, gerora Sobrongo urtegiaren obran harriak eramateko erabili zituztenak. Halaber, Loizagaren kamioi zaharra izango da erakusketan, 1921. urteko Ameriketako ibilgailu bat.

Espainiako herrialde anitzetako kamioi gidariak hurbilduko dira Espejora. Iaz Salamancan egin zuten kamioi klasikoen bilkura, eta 99 lagun bildu ziren bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide