Umeekin egiteko plan ugari aurkeztu dituzte Añanan

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 29a, 13:29
Puron ibaia, Valderejon

Abentura, natura, kirola eta jolasak biltzen dituzten udako proposamenak prestatu dituzte Añanako udalerri guztietan 

 

Añana Kuadrillako turismo bulegoak planak aurkeztu berri ditu umeekin disfrutatzeko, eta, bide batez, uda honetan eskualdea gertutik ezagutzeko. Añana osatzen duten udalerriak zeharkatuko dituzte plan horietara hurbiltzen diren lagunek eta familiek. Natura, kirola eta jolasak barnebiltzen ditu Añanako turismo bulegoaren eskaintza berriak.

Ezinbestez, lehenbiziko plana Gesaltza-Añanako gatz haranean kokatzen da. Bertan gatza egiteko tailerra eta spa gazia antolatzen dituzte modu ludikoan ingurune naturala, soziala eta kulturala ezagutarazteko.

Kobazulo eremitikoak

Umeekin egiteko proposatu duten bigarren plana kobazulo eremitikoak bisitatzea da. "Gaubean haitzulo asko daude, baina Tobillas, Korro eta Pinedon daudenak bisitatzea gomendatzen dizuegu, hauek ondo seinalatuta eta errazak dira-eta. Gainera, kobazuloetara joaten diren ibilbideak umeentzat aproposak dira", azaldu dute turismo bulegoko arduradunak.

Umeekin egiteko hirugarren planak XIII. mendeko Zabalateko gaztelura eramango ditu umeak eta helduak, bertan aplikazio berezi bat dago eta, gymkhana baten bidez gaztelua eta Arabako historia ezagutu daitezke.

Añanan dibertitzeko laugarren aukera da bertako turismo zerbitzuak erabiltzea. Lantarongo Sobron abentura eremuan, esate baterako, kayaka, tirolina, paintball, eskalada eta beste hainbat jarduera praktikatu daitezke; Gaubeako Villamaderne herrian zaldi-eskola dago eta txangoak antolatzen dituzte inguruan. Globo aerostatikoan hegan egin nahi duenak ere aukera du nahia asetzeko, turismo bulegoan bertan informazioa eskatuz gero.

Arrastoak bilatzeko jolasa

Eskulanak eta arrastoak bilatzeko jolasa da beste proposamen bat, eta kasu honetan Iruña Okako Santa Katalina lorategi botanikora hurbiltzen dira bisitariak. Lorategiak bi aukera eskaintzen ditu botanikaz gozatzeko: lorategira bisita librea "Altxorraren ibilbidea" jolasarekin, arrastoak bilatzeko erronka hain zuzen. Eta, bestetik, "Landalagun ekintza", jolasekin egiten den ibilbide gidatua da (bisita hitzartua hamar lagun edo gehiago). Hau osatu daiteke eskulan tailer batekin: lorategiaren hostoekin egindako orri-markatzaileak edo erleen itxurako giltzatakoa.

Amaitzeko, Valderejoko parke naturalean fauna behatzeko aukera eskaintzen dute. "Bederatzi ibilbideei esker, sai arreak, arrano beltzak, sai zuriak, basakatuak edo mokokerrak ikusi ahal izango dituzte"

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide