Tokiko ekoizleen merkatuak gero eta udalerri gehiagotara zabaltzen ari dira

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 9a, 12:00
Uribarri Gaubeako tokiko ekoizleen merkatua. PHOT.OK

Gaubean, Erriberabeitian eta Iruña Okan hilabetean behin biltzen dira inguruko nekazariak eta artisauak euren produktuak azokan eskaintzeko.

 

Merkatuak nonahi. Gaubean hileroko lehen igandean, Iruña Okan bigarrenean, eta Erriberabeitian azken igandean. Añana Kuadrillako nekazariek eta artisauek eskaintzen dituzten produktuak dastatu, frogatu eta erosi nahi dituenak inoiz baino aukera gehiago ditu. Izan ere, azken aldian udalerri askotan martxan jarri dituzte tokiko produktuen azokak, eta arrakasta handia izaten ari dira. 

Gaubea izan da honetan aitzindaria. 2012. urtean  eskualdeko dozena bat baserritarren eta artisauen ekimenari esker jaio zen Añanako Ekoizleen Azoka. Egitasmoa abian jarri zutenean baserritarrek ez zuten imajinatzen azokak egun duen arrakasta lortuko zuenik. 

"Egun Añanako azoka espazio tinkoa da, espazio bizia, eta gainera bailaran bizi diren herritarren bilgunea bilakatu da, baita beste toki batzuetatik etortzen diren lagunena ere", azaldu du Mila Madinabeitia azokako partaideak.

Tokiko produktuak saltzeaz gainera, azoka egunean zenbait jarduera antolatu ohi dituzte herritarren parte-hartzea bultzatzeko: tailerrak, umeentzako jarduerak... Halaber, pintxo-potea egiten dute azokak sortzen dituen gastuei aurre egiteko, eta noizean behin herriko beste eragileei uzten diete tokia. Iragan asteburuan, esate baterako, Barrongo urtegiaren kontrako plataformako kideak arduratu ziren pintxo-potea antolatzeaz, eta kamisetak saldu zituzten Gaubeako merkatuan.

Langraiz eta Rivabellosa

Lekukoa hartu zuten ondoren Rivabellosak eta Langraitz Okak. Erriberabeitiako Udalaren eta Rivabellosako Biltzar Administratiboaren ekimenez, iragan urteko ekainean hilabetero inguruko ekoizleei eta artisauei euren produktuak saltzeko aukera ematea erabaki zuten, eta azoka martxan jarri zuten. Kanpotik ere gonbidatuak izaten dituzte sarritan Rivabellosako plazan.

Ekoizleen eta kontsumitzaileen artean bitartekariak ekiditeko helburuarekin martxan jarri zuten Iruña Okan azoka. Bertara eramaten dituzte ortuko barazkiak eta lekaleak, idiazabal gazta, likoreak, ogia, gozokiak, garagardoa, odolkiak, haragia, eta beste hainbat.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide