Txango geologikoa antolatu dute Valderejon

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 18a, 16:49
Valderejoko parke naturala; Puron ibaiaren ibilbidea

Arabako Valderejo eta Burgosko Obarenes Mendiak-San Zadornil bi parke naturalen artean dagoen haraneko sekretuak ezagutzeko ibilbide geologikoa antolatu dute igandean.

Geoloeguna 2016 izeneko ekimenaren baitan antolatu dute Valderejo eta Obarenes Mendiak parkeen arteko haranean txangoa. Oscar Escribano geologoak gidatuko duen bisita dohainik da eta jende guztiari irekita dago. Parte-hartzaileek ingurua "begi geologikoekin" ikusteko aukera izango dute.

Hala, animatzen direnak Villafria de San Zadornil (Burgos) herritik abiatuko dira Santa Anako landetara, eta Puron ibaiaren zintzurra zeharkatu ondoren Riberatik itzuliko dira Villafriara. Orotara, 9,5 kilometro dira; 10:00etan hasiko da eta 14:00etan amaitu. Izena emateko Valderejoko parketxeko telefonora deitu behar da (945-35 31 46).

Geoloeguna programa hainbat elkarteren koordinazio lanaren emaitza da: Espainiako Geologia Elkartea, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua eta Lurreko Zientzien Irakaskuntzarako Espainiako Elkartea. Euskal Herriko kasuan, Geoloegunaren barruan antolaturiko ekintzak Euskal Herriko Unibertsitateak eta SciGea-k antolatu ohi dituzte. Kasu hontan Arabako Diputazioak eta Gaztela Leongo Juntak parte hartu dute txangoaren antolakuntzan. 

Geologia zein geologoen ogibidea gizartera hurbiltzea da ekimenaren helburua. "Bizi garen inguruneko zenbait aspektu ezagutzera emateko modu bat da Geoloeguna, prozesu geologikoen funtzionamendua ulertzeko eta, era berean, ondare geologikoa babesteko garrantziaren inguruan gizartea ohartarazteko", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide