Aernnovak enplegua 41 egunez eteteko txostena aurkeztu du Berantevillan

Estitxu Ugarte 2016ko maiatzaren 12a

Aernnovak enplegua 41 egunez eteteko erregulazio txostena aurkeztu du Berantevillan. Hurrengo ostegunean langileen asanbladak proposamena bozkatuko du.

Aernnova Aeroestructuras enpresaren zuzendaritzak Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu dio gaur enpresa batzordeari. Txostenaren arabera 41 egunez jarduera etengo dute. Enpresako ia langile guztiei eragiten die erregulazioak.

Zuzendaritzak lehenbailehen ezarri nahi du neurria, eta langile kopurua jaistea aurreikusten duen proposamenarekin lotu du. Izan ere, Aernnovaren helburua langile kopurua jaistea da, 525etik 430ra; horretarako, 95 langile kaleratu nahi ditu, bajen eta "behartutako birkokapenen" bidez.

Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko lehendakariak adierazi duenez, asanbladak zuzendaritzaren txostena bozkatuko du hurrengo astean, ostegunean hain zuzen, baina hala ere azpimarratu du oraindik ez dagoela argi zein den zuzendaritzaren asmoa, zer lortu nahi duten, non birkokatu nahi dituzten langileak, eta zenbat baja egongo diren. "Finean negoziazioa baino xantaia dirudi" esan du Gomezek.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago