Iberdrolarekin harremana hautsi du Erriberagoitiak

Estitxu Ugarte 2016ko apirilaren 10a

Erriberagoitiako Udala, Pobes herrian

Zuiak eta Zalduondok egindako urratsari eutsi dio Erriberagoitiako Udalak, eta Iberdrolarekin zituen kontratu guztiak bertan behera utziko ditu. 

Udalak lehiaketa publikoa zabalduko du orain modu jasangarrian ekoiztutako energia berriztagarria kudeatzen duten enpresen artean hornitzaile berria aukeratzeko. Halaber, udalerriko biztanleei gonbidapena luzatuko die gauza bera egiteko.

EHBilduko zinegotzi Josepe Martiodak iragan ostegunean aurkeztu zuen mozioa onartu ondoren egingo da aldaketa Erriberagoitian. EAJko lau zinegotziek, PPkoak eta EHBildukoak energia garbien aldeko bozka eman zuten eta independentea abstenitu egin zen.

Hogeitasei herrik eta 750 biztanlek osatzen dute Erriberagoitia udalerria. iberdrolarekin harremana eteten duen Arabako hirugarren udala da. Euskal Herrian 25 dira jada energia berriztagarriak kudeatzen dituzten enpresen alde egin dutenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago