Laurehundik gora lagunek parte hartuko dute I. Badaia Bike Marathonen

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko apirilaren 7a

Badaia mendi lerrotik ibiliko dira txirrindulariak

Apirilaren 17an ospatuko da lehen aldiz 70 kilometroko BTT proba Iruña Okan. Badaia Bike Marathon du izena eta 2.100 metroko desnibel metatua du. 400 lagunek izena eman dute.

Goizeko bederatzietan abiatuko da mendi bizikleta proba Langraiz Okatik. Herritik atera eta Oteros (1022m.) mendira igoko dira. Maratoiaren jaitsiera arriskutsuenari aurre egin beharko diote ondoren, Azkarateko  Mendatean behera. Gero, Pikatxo (851 m.), Undaganako Gaina (854 m), eta Armikelora (871 m) igo beharko dira. Berrogei kilometrotik gora egin ostean Oto Goien herrira iritsiko dira kirolariak, eta  Mendozako bidexkatik abiatuta Santa Katalina lorategi botanikora sartuko dira. Langraiz Okan amaituko da proba.

Gasteizko Vibike Txirrindularien Kluba eta Pro Evasion Bike taldea aritu dira iazko irailetik maratoia prestatzen. Badaiako mendilerroa aukeratu dute mendiko bizikletan ibiltzeko gustuko duten zonaldea delako. "Lehenbiziko aldia da proba bat antolatzen dugula, baina mendiko bizikletaren zale amorratuak gara, eta gustatzen zaigun ibilbidea diseinatu dugu. Esperientzia handia dugu eta badakigu zer egin behar den eta zer ez" esan du Javi Fernandez Pro Evasion Bike taldekoak. Hasieratik Iruña Okako udalaren laguntza eta babesa izan dutela nabarmendu du.

Izena emateko epea urtarrilean ireki zuten eta bi egunetan 300 lagunek eman zuten izena. "Probak arrakasta handia izan du, eta dena ondo ateratzen bada hurrengo urtean errepikatuko dugu. Hori da asmoa" esan du Fernandezek.  Txirrindulari gehienak Euskal Herrikoak dira, eta horien artean hamahiru emakume daude. "Ez da ohikoa proba hauetan horrenbeste emakume egotea, normalean bi edo hiru sartzen dira bakarrik".

Probaren ezaugarri nagusia zeharkatzen diren zidorren kopuru handia da, antolatzaileen esanetan, baita Santa Katalina lorategi botanikoan sartzen dela ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago