Euria arazo ugari sortzen ari da Araban

Estitxu Ugarte 2016ko mar. 10a, 17:16

Bilodatik Zuhatzu Kuartangora arazo larriak sortzen ari da euria Arabako mendebaldeko herrietan. Baia, Tumecillo, Omecillo, Zadorra eta Ebro ibaiek gainezka egin dute udalerri askotan, besteak beste Iruña Okan, Lantaronen, Gaubean eta Kuartangon. 

Arabako beste eskualdeetan ere arazo ugari sortu dituzte gaur goizean elurrak eta euriak. Hala, Zadorra ibaia alerta laranjan dago. Gainera Arabako Foru Aldundiak ohartarazi duenez ur putzuengatik edo ibaiek errepidea hartu dutelako moztuta daude honako errepide hauek: A-3006 errepidea Larrabean, A-3022 Gebaran, A-3310 Mimbredon, A-3322 errepidea Tuyo eta Argantzun artean, A-4302 Margaritara sartzeko eta A-4356 Andagoian. Bestalde, ibaiek nekazarien soroak hartu dituzte jada eta errepideetan ere ur putzu handiak sortzen ari dira euritearen ondorioez. Halaber, lur jauziak gertatu dira han eta hemen.

Beste alde batetik, Uribarriko urtegiaren ateak ixteko agindu dute Zadorraren arroan uholdeak ekiditeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago