Landa garapenari buruzko jardunaldia antolatu du Gaubeako Udalak larunbatean

Estitxu Ugarte 2016ko mar. 4a, 08:30

Landa garapenaren eremuan bailaran egon diren saiakuntza berriak partekatzeko jardunaldiak antolatu ditu Gaubeako Udalak. Larunbatean bilduko dira Uribarri Gaubean tokiko eta kanpoko ekintzaileak. Udalak urtero antolatzen du landa garapenari buruzko jardunaldia.

Landa garapenaren jardunaldiaren hitzordua 12:00etan da, udal liburutegian. Jardunaldian parte hartuko dute lehenik eta behin Jaime Gomez Oraa eta Egoitz Lorenzo, Espejoko bizilagunek.  Eusko Label arrautzak ematen dituzten oiloen baserria zabaldu zuen duela urte batzuk Gomezek Espejon eta Euskaber taldean integratu zen. Bere esperientziaren berri emango du. Bestetik, Lorenzok landareen eta zuhaitzen berotegia irekitzeko iaz hartu zuen erabakiaren inguruan hitz egingo du.Ondoren, Gurendesen artisau pasta egiten duten Lau Haizeko lagunek haien proiektua aurkeztuko dute eta Piedra, Papel, Tijera taldeak 2012. urtean Lantaron udalerriko Saratsu herrian martxan jarri zuen baratza ekologikoaren inguruan hitz egingo du.

Ekintzaileen txanda Urduñak itxiko du. Gaubeatik gertu dagoen Bizkaiko hirian garatzen ari diren landa garapenaren inguruko egitasmoak azalduko dituzte bertako ordezkariek.

Egitaraua osatzeko, Eduardo Urartek hitzaldia emango du Permakultura eta landa garapena slow elikagaien ikuspuntutik izenburupean. Ondoren, Hazi fundazioaren Ane Fernandezek nekazaritzan inbertitzeko dauden dirulaguntzak azalduko ditu eta Neiker taldeko Amaia Ortizek Gaubeako bailaran dauden lan aukerak. Jardunaldia amaitzeko, SlowFood-Arabak bazkari-dastaketa eskainiko du parte hartu duten guztientzat zero kilometroko produktuekin. Kafearekin eta pastekin batera ideien zirimiriaren tartea zabalduko dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide