Bizilagunak mantendu eta berriak irabazi nahi dituzte

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko urt. 21a, 13:50

Auzotarrak irabazi. Hori da Añanako erakundeen lehentasuna etorkizunera begira. Bestalde eskualdearen garapena nekazaritzaren eta turismoaren aldetik etorriko dela aurreikusi dute.

Nekazaritza Eremuaren Garapenerako Planaren zirriborroa onartu dute Añana Kuadrillan eta bertan zehaztu dituzte 2020. urtera arteko lehentasunak. Añanako Garapen Agentziak gidatu du prozesua, Haziren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 

Eskualdearen arazo nagusia da herriek jarraitzen dutela jendez husten. Zifrek hala adierazten dute, 2001. urtean 591 etxe huts zeuden Kuadrillan eta 2011. urtean 1.200 daude. Gainera Kuadrillako zahartze prozesua bizkortu da. 64 urte baino gehiago dute Armiñoneko bizilagunen %28k, Erriberagotiko %21ek, Kuartangoko %27k Gaubeako %28k, Añanako %37k eta Zanbranako %28k. 

Egoera ez da samurra. Garapen planak jasotzen du dagoen populazioa herrietan gelditzeko eta biztanle berriak erakartzeko kalitatezko zerbitzuak eskaini behar direla, bereziki hezkuntzaren, osasunaren, etxebizitzaren eta mugikortasunaren arloetan. Halaber adinekoak, emakumeak eta umeak dituzten beharrak bereziki kontutan hartu behar dira.

Bestetik planak proposatzen du Añanakoa izateko sena berreskuratu eta eskualdeko biztanleen arteko elkarlana eta ezagutza sustatzeko tresnak sortzea, esate baterako Kuadrillako webgunea eta aldizkaria martxan jarriz.

Eskualdearen inguruan egin duten diagnosian ondorioztatu dute Añanako lehen sektorea modernoa eta lehiakorra dela baina soilik bi eremuetan, zereala, patata eta erremolatxaren laborean eta haragiko ganaduan. Haatik balio erantsiko nekazaritza eta labore alternatiboak garatu gabe daude.

Beste arazo larria dago lehen sektorean, hain zuzen lurraren kontzentrazio prozesua areagotu dela azken urteetan eta nekazari gutxiren esku dago Añanako lurra. 2008 eta 2012 urteen artean ustiategien kopurua %11 jaitsi zen nahiz eta erabilitako nekazaritza eremua soilik %3. 

Egoerari buelta emateko sektorea dibertsifikatu eta labore ekologikoak eta kalitatezkoak bultzatu behar direla jaso du planak.

Turismoa izango da Kuadrillaren garapen ekonomikoaren bigarren ardatza. Gesaltza Añanako Gatz Haranak eta Valderejoko Parkeak duten indarra baliatuko dute. 2014. urtean 61.000 lagunek bisitatu zuten Añanako Gatz Harana eta urtero 50.000 lagun hurbiltzen dira Valderejora. Añana marka lantzea proposatzen du planak eta ezinbestekoa ikusten du baliabide turistikoen arteko koordinazioa hobetzea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide