Mitologia, musika eta gastronomia uztartuko ditu Amalurrek

Mitologiak toki nabarmena izango du jaialdian. JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Txakolinaren Ibilbideak lehenengoz antolatu du abenduaren 4tik 8ra egingo den jaialdia.

Euskal mitologia, musika eta gastronomia ardatz hartuta, bost eguneko jaialdia egingo dute Aiaraldean abenduaren 4tik 8ra bitartean. Amalur Fest izena izango du ekimenak, eta zazpi udalerri hartuko ditu: Amurrio, Laudio, Aiara, Okondo, Artziniega, Urduña eta Orozko.

Doako jardueren bidez euskal mitologia, musika, gastronomia eta folklorearen arteko loturak azaleratu nahi dituzte jaialdiaren lehen edizioa izango den honetan. Besteak beste, kalejirak, dantza emanaldiak, txakolin dastatzeak, kontzertuak eta familiei zuzendutako jarduerak bildu dituzte programan. 

Musika emanaldi nagusiak Amurrioko Udal Parkean izango dira. Han ariko dira, besteak beste, Korrontzi eta Neomak taldeak. Mitologiari lotutako jarduerek presentzia berezia izango dute jaialdian. Hainbat herritan kalejira tematikoak egingo dituzte, eta Artziniegan ginkana mitologiko bat antolatu dute. Era berean, foodtruck gune ibiltari batek eskualdeko hainbat herri bisitatuko ditu jaialdiak iraun bitartean.

Bihar ematekoak dira jaialdiari buruzko xehetasun gehiago Clara Navas Jaurlaritzako Turismo zuzendaria eta Mariano Alava Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbideko presidentea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago