Laudioko anbulatorio berriko gabeziak salatu dituzte

Totemen funtzionamendua kritikatu du ELAk, besteak beste. AIARALDEA ATARIA

ELA sindikatuaren arabera, ireki zenetik "egunerokoa kaotikoa" da zentroan; berehalako konponbideak zein langile gehiago kontratatzea eskatu du.

ELA sindikatuak salatu du irailaren 21ean ireki zuten Laudioko anbulatorio berriak konpondu gabeko gabezia ugari dituela eta "egunerokoa kaotikoa" dela. Sindikatuaren esanetan, zentroa obra amaierako garbiketa integralik gabe ireki zuten, euri egunetan itoginak daude hainbat solairutan, eta beheko solairuko kontsultetan pertsianak erdira jaitsi behar dira pazienteen pribatutasuna bermatzeko.

Horrez gain, ELAk adierazi du erausketa gelako eta erradiologia eremuko altzariak ez direla egokiak, ateetako sarrailak gaizki dabiltzala eta txandak kudeatzeko totemak egunero huts egiten dutela. Sindikatuak salatu du horrek bereziki adineko pertsonen irisgarritasuna zailtzen duela, eta gailuen funtzionamendua azaltzeko langile bat kontratatzea exijitu du.

Sindikatuaren arabera, administrazio eremua gainkargatuta dago eta Osakidetzak ezezkoa eman dio langile gehiago kontratatzeko eskaerari. Jakinarazi du langileek kartoizko kutxak eta berogailuak jarri behar izan dituztela sarrerako aire korronteetatik babesteko, baina batera piztean sistema elektrikoak huts egiten duela. "ELAk Osakidetzari eskatzen dio berehala konpon ditzala gabezia horiek guztiak, eta langileen segurtasuna eta osasuna berma ditzala, bai eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea ere". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago