Adinekoen udal jantokia zabaldu dute Laudion

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Laudioko Udalak Adinekoentzako Udal Jantokia martxan jarri du. AIARALDEA.EUS

Egunean 25 menu eskainiko ditu, eta menu bakoitzaren prezioa erabiltzaile bakoitzaren diru sarreren arabera ezarriko dute.

Laudioko adinekoentzako udal jantoki zerbitzua martxan jarri du Udalak. Zerbitzua azaroaren 2an abiatu da, proiektu pilotu gisa, Karmeneko Ama Birjinaren kalean. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 13:30etik 15:00etara, eta egunean 25 menu eskainiko ditu, adinekoei janari osasungarria eta elkartzeko gune bat eskaintzeko helburuarekin.

Menu bakoitzaren prezioa erabiltzaile bakoitzaren diru sarreren arabera ezarri da. Gainera, kontsumitutako menuak baino ez dira ordainduko. Egunen batean jantokira joan ezin izanez gero, jakinarazi eta justifikatu beharko da, menua kobratu ez dadin. Likidazioa hilero egingo da.

Zerbitzua abian jartzea udalerriko adineko pertsonen iritziak eta beharrak jasotzeko egindako prozesu baten emaitza da. Horretarako, galdetegi bat egin da, eta jasotako ekarpenek Laudioko errealitateari erantzun nahi dion proiektua definitzen lagundu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago