Igor Arzuaga musikari eta sortzailea (Laudio, 1976) gaur hil da, euskal kultur eszenan ibilbide profesional oparoa utzita. Gaztetatik trikitilari moduan ibili ondoren, Exkixu taldean eta Mikel Urdangarinekin batera aritu zen, besteak beste, eta Une Latzak, Eitina, Narrats eta La Brigada Politico Social taldeetako kide zein sustatzaile izan zen.
2002an ekin zion bakarkako bideari Argi izpi bat lehen diskorarekin, eta harrezkero diskografia aberatsa osatu zuen. Multinstrumentista gisa, pianoa, baxua, gitarra, aho-soinua, akordeoia eta teklatuak jo zituen bere lanetan. Euskal Herriko zein Aiaraldeko musikari ugarirekin aritu zen elkarlanean, baita Mara alter egoarekin proiektuak plazaratzen ere.
Horrekin batera, bestelako sorkuntza arloak ere landu zituen: margolaritza erakusketak egin zituen, bi olerki liburu argitaratu zituen eta antzerki arloan aritu zen Mikel Ayllonen eskutik, musikari eta aktore lanak eginez Takoidun zapata gorria, Hau gerra bat da eta Hau ez da gerra bat antzezlanetan.