Laudioko anbulatorio berria irailaren 21ean zabalduko dute

Jon Hidalgo

Urrutira joan gabe arreta espezializatua jaso ahal izango da Aiaraldean. OSAKIDETZA.

Osakidetzak martxan jarriko du San Martin kalean kokatutako ekipamendua, 19 milioi euroko inbertsioa egin ostean. 41.700 herritar baino gehiagori emango die arreta, eta eraikin berean bilduko ditu lehen mailako arreta, espezialitate medikoak eta osasun mentala.

Osakidetzak datorren irailaren 21ean irekiko ditu Laudioko anbulatorio berriaren ateak. San Martin kaleko 10. zenbakian dagoen osasun zentroak Laudioko eta inguruko udalerrietako 41.700 biztanle baino gehiagori emango die zerbitzua, eta gaitasun asistentzial handiagoa izango duela nabarmendu dute osasun sailetik, orain arteko azpiegiturekin alderatuta. Herritarren osasun beharrei erantzun eraginkorragoa emango dietela adierazi dute, instalazio moderno eta zabalagoen bidez.

Anbulatorio berriak lehen mailako arreta eskainiko du familia mediku eta erizaintzako kontsulten bidez, baina bere zerbitzu zorroa askoz zabalagoa izango da. Besteak beste, etengabeko arreta gunea, ama-haurren arloa, errehabilitazio zerbitzuak, erradiologia, neurologia, kardiologia, dermatologia edo oftalmologia bezalako espezialitate medikoak eta osasun mentaleko zentro oso bat hartuko ditu. Horri esker, paziente askok ez dute ospitaleetara edo beste udalerri batzuetara joan beharrik izango arreta espezializatua jasotzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 19 milioi euro inguruko inbertsioa egin du proiektuan. Guztira 7.972 metro koadroko azalera du eraikinak, zazpi solairutan banatuta: lurpeko bi, beheko solairua eta beste lau solairu. Horrez gain, profesionalentzat izango den lurpeko aparkaleku bat ere izango du, 70 plaza ingururekin, langileen mugikortasuna eta lanerako sarbidea errazteko.

Azpiegitura berria Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren barruan kokatzen da. Jaurlaritzaren Osasun Itunak lehen mailako arreta indartzeko konpromisoa berretsi du eta hurbileko osasun arreta modernizatzeko apustua egin du, Osasun Sailaren arabera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago