Atzo Barakaldon (Bizkaia) 48 urteko gizon bat tiro batekin hil zuen gizonezkoa Amurriora ihesean zihoala atxilotu du Ertzaintzak egun bereko arratsaldean.
Barakaldoko Lasesarre futbol zelaiaren inguruan izan da erasoa. Segurtasun Sailak ezagutzera eman duenez, 48 urteko gizonezko batek adin bereko beste gizonezko bati tiro egin dio sabelean, eskopeta batekin, eta gero autoz ihesari ekin dio. Bertaratu diren osasun zerbitzuek biktima artatu eta ospitalera eraman dute, larri zaurituta, eta azkenean bertan hil egin da.
Ihesean zihoan hiltzailearen bila atera dira poliziak, eta, azkenean, Laudioko ertzain etxeko agenteek susmagarria atxilotu dute, Amurriorako norabidean zihoala. Gelditu duten autoan erasoan ustez erabilitako arma aurkitu dute agenteek.
Ertzaintzak aurreratu du "arrazoi sentimentalak" egon daitezkeela hilketaren atzean. Zabaldu diren hainbat informazioaren arabera, jelosiaz jota egin dut hilketa, hildakoa atxilotuaren bikote ohiaren senargai berria bide zelako.