Arabako langabezia %10era jaitsi da, eta Aiaraldeak du langabezia handiena

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 21a

Aiaraldeko industriaren etorkizuna izan dute hizpide mahai sektorialean. Argazkia: Aiaraldea.eus

Langabeziak behera jarraitzen duen arren, Aiaraldeak du lurraldeko tasarik altuena, eta Amurrio eta Laudio daude langabezia handiena duten udalerrien artean, Oionekin batera. Aiaraldearen etorkizun industriala sendotzeko lan ildo nagusiak adostu dituzte erakundeek eta eragile ekonomikoek.

Arabak hobera egin du enpleguaren arloan 2026ko lehen seihilekoan. Lanbideren ekaineko datuen arabera, langabezia tasa %10ean kokatu da, duela urtebete baino lau hamarren gutxiago eta 2025 urte hasieran baino zortzi hamarren beherago. Aldi berean, Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopurua 171.246 pertsonara iritsi da.

Eskualdeka, Aiaraldeak jarraitzen du langabezia tasarik handiena izaten, %10,8, eta 2.074 langabe daude eskualdean. Kontrako muturrean dago Gorbeialdea, %5,7ko tasarekin, ia enplegu beteko egoeran. Gainera, Aiaraldea izan da azken urtean langabezia gehien igo den eskualdeetako bat (%2,1), nahiz eta Arabako beste eremu gehienetan beheranzko joera nagusitu den.

Udalerriei dagokienez, Amurrio (%14,5), Oion (%12,7) eta Laudio (%11,9) dira langabezia handiena duten Arabako hiru udalerriak. Bestalde, Aramaio (%0,4), Gesaltza Añana eta Kripanek (%1,1 bana) dituzte daturik onenak.

Datu esanguratsuenetako bat industriari lotutakoa da. Araban sektore horretako langabe kopurua %10,1 jaitsi da urte erdian, 2025 amaieran 1.755 pertsona izatetik 2026ko ekainean 1.577ra igarota. Aiaraldean kezka sortu dute azken urteotan Guardian, Glavista edo Maderas de Llodio bezalako enpresetan izandako arazoek, baina Laudiok, esaterako, industria sektoreko langabeziaren jaitsiera nabarmena izan du: %32,1 gutxiago, 199 langabetutik 135era igarota.

Aiaraldeko industria sustatu nahian

Industriako langabezian jaitsiera xume bat izan den arren, eskualdean industriak duen pisua ezbaian gelditu da azken urteetako zailtasunen ondorioz. Gauzak horrela Aiaraldeko Industria Garapenaren aldeko Mahaiak diagnosi partekatua aurkeztu du eskualdearen etorkizun industrialari buruz. Ondorio nagusi gisa aipatu dute, azken urteetan lehiakortasuna eta industriari lotutako enplegua galdu badira ere, Aiaraldeak badituela industria eskualde izaten jarraitzeko beharrezko ezagutza, espezializazioa eta gaitasunak.

Mahaiak hainbat lehentasun identifikatu ditu. Horien artean, berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea; lankidetza indartzea enpresa handien, ETEen eta prestakuntza zentroen artean eta talentua erakartzea eta atxikitzea. Garrantzia berezia eman diote industriara bideratutako lurren kudeaketa hobetzeari, eskualdearen ikuspegitik begiratuta. Era berean, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azpimarratu du beharra dagoela enpresen eta sindikatuen arteko konfiantzan eta elkarrizketa sozialean oinarritutako esparru berri bat eraikitzeko.

Mahaiko kideen ustez, erronka ez da soilik jarduera industrial berria erakartzea, baizik eta Aiaraldearen irudi industriala indartzea eta eskualdearen potentziala balioan jartzea. Horretarako, estrategia bateratua aztertzen ari dira etorkizunean izateko industria garapenerako egitura egonkorra, industria sustatzeko itun soziala eta eskualdearen gaitasun industrialak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago