Aiaraldeko hondakin bilketa zerbitzuko langileak greba mugagabean daude, eta %100eko jarraipena izan du protestak, ELA sindikatuak adierazi duenez. Langileen "babes zabala" jaso duela jakinarazi badute ere, ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu du sindikatuak.
ELAk PreZero enpresako zuzendaritzari eta Aiaraldeko kudarillako ordezkariei eskatu die negoziazio mahaian eseri eta lan baldintza duinak adosteko. Greba deitu izanak ekarri du mugimendurik, azaldu dutenez. "Greba deitu arte ez zen KPIaren eguneratzea mahai gainean jarri", eta salatu dute oraindik ere neurriak falta direla asteburuetako lan baldintzak hobetzeko.
Salatu dutenez aurreko lan hitzarmenean hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen du enpresak, eta greba mugagabearekin aurrera jarraitzeko borondatea erakutsi dute langileek. Sindikatuak iragarri du mobilizazioarekin jarraituko dutela "enpresak eta Aiaraldeko Kuadrillak jarrera aldatu eta langileen eskakizunei erantzuten dien proposamen bat aurkeztu arte".
"Nahikoa ez den" proposamena
PreZero enpresak hitzarmen kolektiboa berritzeko proposamena aurkeztu zuen uztaila hasieran, eta horren aurrean hartu zuen ELAk greba deitzeko erabakia, proposamena "nahikoa ez zela" iritzita. Sindikatuaren arabera, lanuztearen arrazoi nagusietako bat da enpresak uko egin izana soldaten igoerak KPIarekin lotzeari. PreZeroren azken proposamenak %2ko soldata igoera jasotzen zuen 2026 eta 2027 urteetarako, baina KPIa erreferentziatzat hartu gabe. ELAk ohartarazi zuen horrek langileen eros ahalmena etengabe galtzea ekarriko lukeela.