Greba mugagabea deitu du ELAk Aiarako Kuadrillako zabor bilketan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 10a

Aiaraldeko Kuadrilako zabor bilketan greba egiteko deia egin du ELAk. Argazkia: A.KUADRILLA

ELAk greba mugagabea deitu du uztailaren 20tik aurrera. Lan baldintza eta soldata duinak exijitu ditu. 

ELA sindikatuak ohar bidez  jakinarazi du hilaren 20tik aurrera greba mugagabea hasiko dela Aiarako Kuadrillako hiri hondakinen bilketa zerbitzuan, Laudio, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Aiara udalerriak biltzen dituena. Prezero enpresa esleipendunak hitzarmenaren negoziazioan egindako azken proposamena guztiz eskasa dela esan du sindikatuak.

Aiarako Kuadrillak azpikontratatutako hamaika langile finkok greba deialdiaren alde egin dutela iragarri du ELAk, enpresak soldaten igoera KPIarekin lotzeari uko egin ostean. "Prezeroren azken proposamenak %2ko soldata igoera baino ez du aurreikusten 2026rako eta 2027rako, langileen erosahalmenaren galera betikotzen duena", esan du ELAk eta salatu du eskaintza hori "onartezina" dela egungo testuinguru ekonomikoan.

Era berean, sindikatuak ohartarazi du mobilizazioei eutsiko dietela Prezerok eta Aiarako Kuadrillak euren jarrera aldatu eta langileen eskaerei erantzuten dien proposamen bat aurkeztu arte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago