Ozen entzun dira euskararen aldeko taupadak Amurrion

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 14a

Bero sapa eta giro itsaskorrari aurre eginez milaka lagunek parte hartu dute Amurrioko Araba Euskarazen. Aresketa ikastolak lekukoa pasa dio Trebiñuko Argantzon ikastolari.

Seigarrenez egin dute Amurrion Araba Euskaraz jaia, Aresketa ikastolak antolatuta Taupadak berpiztu! lelopean. Hiru gune antolatu dituzte, Amurrio herri erdian eta Refor inguruan, eta familiek berdeguneak eta itzalak bete dituzte egun beroa gozatzeko asmoarekin, izan ere goizetik 30 gradutik gorako tenperaturak izan dira Araban.

Eguerdira arte txikienak izan dira jaiaren protagonistak, haientzat prestaturiko hamaika kultur ekitaldi eta erronka izan baitira gune desberdinetan, tartean Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, tailerrak eta jolasak Kirikiño taldearen eskutik eta puzgarriak. Bestalde, EH Sukarra, Akerbeltz edo Nafarroa 1512 bezalako taldeen kontzertuak ere izan dira.

"Erantzun bateratua"

Hasiera ekitaldiak babes instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Eusko Jaurlaritzako Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea izan dira baita beste alderdietako ordezkari politikoak eta euskalgintzako eragileak.

Josu Barrenengoa Amurrioko Aresketa Ikastolako lehendakariak auzolanaren balioa eta komunitatearen indarra nabarmendu ditu. Halaber, Barrenengoak ezinbestekotzat jo du inklusioa sustatzea. "Euskara da herri kohesiorako eta gizarte joskintzarako gure lehengai nagusia, etorkizun partekatu bat eraikitzeko zubia", esan du.

Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakaria ,gogoan izan du larunbat honetan Iruñean egin den Euskaldunon Martxa, eta azpimarratu du ikastolak sortu zirenetik aurrerapauso handia eman dela herritarren euskalduntzean, baina "erabileraren atzerakadaren eta euskararen aurkako erasoen aurrean erantzun bateratua emateko  garaia" dela.

Argantzon Ikastolak, lekukoa

Irekiera ekitaldian iragarri dute Trebiñura itzuliko dela Araba Euskaraz, 2027. urtean. Gaurko hasiera ekitaldian, ohiko lekuko aldaketa ekitaldia ere egin da, eta Argantzon ikastolako ordezkariek jaso dute Arabako ikastolen jaia antolatzeko eginkizuna. "Euskara ofiziala ez den Arabako kuadrilla honetan ikastolak haurrak euskaraz hezteko duen funtsezko eginkizuna" azpimarratu dute, eta Amurriora bezala, datorren urtean Argantzonera joateko deia egin dute Aresketa ikastolako ordezkariek.

Argazkiak: PHOT.OK eta Estitxu Ugarte

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago