Euskararen saltsa berpizteko

Juanma Gallego 2026ko ekainaren 13a

Igon Olaguenaga Aresketa ikastolako ikasle ohi eta egungo langilea arduratu da, laugarrenez, Arabako ikastolen aldeko festari doinua jartzeaz. Mezuz beterriko kanta ondu du, saltsa erritmoez lagunduta.

Leloari jarraiki, Taupadak berpiztu! da aurtengo Araba Euskarazen kanta, eta apirilean Amurrioko Juan Urrutia parkean egindako ekitaldi jendetsuan aurkeztu zuten. Igon Olaguenaga ikasle ohia eta gaur egungo langilea da sorkuntzaren ardatza: letra, musika eta ekoizpena berak gidatu ditu, Txiki Lorarekin batera. Ez da, ordea, bere lehen esperientzia: Araba Euskarazerako sortzen duen laugarren kanta da, Mihian kili-kili, euskaraz ibili edota Laudioko ikastolarentzako Bagare modukoak egin baititu. Olaguenagak argi dauka halako kantek zer izan behar duten: "Publiko guztietara iritsi behar diren kantuak dira: martxosoak, mugikorrak eta pegadizoak izan behar dira". Horregatik, oraingoan saltsaren bidea hartu du.

Saltsa giroa

Ideia hori buruan zuela, ikastolako guraso bat konbentzitu zuen: Txiki Lora Madrilen bizi den musikaria da, eta Canteca de Macao taldeko sortzaileetako bat. "Saltsan aditua da, eta berarekin ekoizpen lanak egitea aukera paregabea izan da", azaldu du Olaguenagak.

Originaltasuna lortzea "zaila" izanda ere, saiatu dira hori lortzen

Oinarri musikal hori Madrilen grabatu zuten, eta ondoren Euskal Herriko soinuen ekarpenarekin aberastu dute: Joseba Tapia trikitiaz, Ibon Koteron albokaz, Marcos Ortega tronpetaz, Fernando Blanca tronboiaz eta Rodrigo Ulises perkusioan, besteak beste.

Gainera, Iñaki Otxondorena Moro ere aritu da, eta letraren zati bat berea dela azpimarratu du Olaguenagak. Helburua zen saltsaren indarra eta euskal doinuak nahastea, euskal fusio bat lortu aldera. Letra aldetik, antolatzaileen arabera, kantuak euskararen egoerari buruzko hausnarketa zuzena egiten du, eta "1960- 70eko berpizkundetik" hasita "gaur egungo geldialdi zantzuei" aurre egiteko deia egiteraino. "Euskara heriotzatik normalizaziotik baino gertuago dagoela" dio testuak, eta "gogoa eta kuraia" berritzeko deia egiten du.

Saltsaren indarra eta euskal doinuak bateratu dituzte, fusio bat sortuz

Originaltasuna xede "Urtero kanta bat sortzen duen ekimen batean originaltasuna lortzea zaila da, baina oraingoan bide propioa aurkitu dugula uste dut", nabarmendu du Olaguenagak.

Bideoklipak ere badu bere berezitasuna. Eneko Martinez ikasle ohiak zuzendu du, eta ikastolaren komunitate osoari omenaldia egin nahi izan dio. "Ez genuen ohiko bideoklip bat egin nahi, non ikasleak eta gurasoak dantzan agertzen diren, besterik gabe. Gidoi txiki bat duen pieza bat sortzen saiatu gara, istorio kutsu batekin", azaldu du Olaguenagak. Grabazio eguna une "polita" izan zela dio, eta emaitzarekin pozik dagoen arren, umiltasunez gaineratu du: "Ez dakit lortu dugun, baina saiatu gara".

Kantua aurkezteko ekitaldian, Aresketa ikastolako ikasleek propio sortutako koreografia dantzatu zuten, eta horrek are indartsuago bihurtu zuen mezua: euskararen taupadak berpiztu beharra. Olaguenagak dioenez, jasotzen ari diren lehen iritziak "normalean bezala, oso positiboak" dira, eta horrek bultzada ematen dio sortzaile lanari. Argi dago aurtengo kantak —saltsa kutsuarekin, euskal doinuekin eta mezua bihotzera eramateko asmoz sortua— jaialdiaren erritmoa markatuko duela.

Mezuez beteriko abestia euskararen aldeko deiadar kolektiboa da, festa giroan baina konpromiso sakonetik sortua. Hala izatea nahi dute...

Araba aske eta euskaldun
ikastolaren oihua entzun
hemen gaituzu.
maitale eta lagun.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago