ITXASO UGARTE

"Euskal herritar osoak hezten ari gara Aresketan"

Juanma Gallego 2026ko ekainaren 12a

Lau urte dira Ugartek ikastolako zuzendaritzaren ardura hartu zuenetik. Argazkia: ARESKETA IKASTOLA

Amurrion egingo den Araba Euskaraz prestatzeko urte osoan lanean ibili dira Aresketa ikastolan. Ugarte zuzendariak komunitatearen rola azpimarratu du, eta euskararen erabileran kokatu du erronka.

Ahal dela, igandeko hitzordura joateko garraio publikoa erabiltzea, edo, pribatua erabiliz gero, garraioa partekatzeko deia egin du Aresketa ikastolako zuzendari Itxaso Ugartek (Laudio, 1982). Azken prestakizunekin buru-belarri aritu dira egunotan. 

Nola bizitzen ari zarete prestaketa guztia?

Lan mordoa egiten ari gara, eta ez soilik egunari begira. Urtean zehar ere hainbat gauza egiten ari dira Bastida ikastolaren aldetik lekukoa hartu genuenetik. Horrelako jai batek eskatzen duen lana ez da edonolakoa. Une horretan makinaria guztia martxan jarri genuen, eta batzordeetan antolatu ginen, boluntarioen laguntzari esker, auzolanean jardun izan dugu urte osoko ekimenak zein azken egunari begirakoak prestatzen. 

Zer da ba urte osoan zehar egin duzuena?

Ekimen nagusiak Amurrion izan dira, baina baita eskualdean ere. Gasteizen ere egin ditugu gauzak. Era askotako ekimenak egin ditugu. Adibidez, kirolari dagokionez Gasteizen Jai alai master series izan genuen ikasturtearen hasieran. Gerora ere, Aiaraldetik sortzaileak eraman genituen Izaskun Arrue kulturgunera, antzerkia eta musikarekin. Ikasleei begira, Euskal Herriko periferian dauden ikastolekin DBHko ikasleentzako topaketak izan genituen Vianan [Nafarroa]. Beste ekimen bat izan da Euskal Herriko sei edo zazpi eskubaloi taldeen arteko txapelketa bat, eta baita musikari lotuta Kantuz Taupada Berpiztu ekimena antolatu dugu ekainaren 12ko asteburuan bertan, Aiaraldean ditugun hainbat abesbatza bilduz. Lehenengoz euskara hutsean prestatu dute emanaldia. Gero, noski, hau guzti hau borobilduko dugu azken egun horrekin. 'Taupadak berpiztu' leloarekin eta logotipoarekin zer adierazi nahi izan duzue? Logotipoa zein leloa oso esanguratsuak direla uste dut. Leloaren sorrera komunitatean izan zen, Aresketa ikastolako komunitatearekin lanean. Komunitateari ideia zaparrada bat izateko eskatu genion, eta hortik abiatu zen azkenean aukeratu zen leloa. Horren harira gero atera zen bihotz forma bat eta hori zeharkatzen duen txinparta. Zoritxarrez, euskararen egoera normalizaziotik urrun izanda, eta hemengo boladan jasaten ari garen oldarraldiaren arabera, ikusten dugu guk berriro ere berpiztu behar dugula euskara. Eta denon artean, bai Amurrion gure eskualdean zein lurralde desberdinetan, berriro berpiztuz eta taupada horiek sentitu nahi ditugu. Bizirik dagoen hizkuntza eta bizirik dagoen bihotz baten irudia adierazi nahi genuen. 

Aspaldiko partez jaia Gasteiztik kanpo aterako da. Zailagoa egingo zaizue?

Araba Euskaraz jaiak Olarizun egitearen kontu guztia horrela abiatu zen: pandemiaren ostean Araba Euskarazen ereduaren beraren inguruan hausnarketa bat egin zen ikastola eta eskola komunitate guztien artean. Eta hori erabaki zen, hain zuzen ere, indarrak neurtzeko, honelako jai batek eskatzen duen lana ateratzeko behar den laguntza neurtuz; une horretan pentsatu zen eredu egokia izan zitekeela Araban dauden zortzi ikastolen artean honelako jai bat gauzatzeko. Baina egia da urtez urte ere ikastola bakoitza, gure autonomia eta erabakitze ahalmenaren arabera, planteatzen joan izan gara nola bideratu jaia. Eta Arabako zortzi ikastolen artean erabaki zenean Amurrioko Aresketa ikastolak hartuko zuela lekukoa, nik zuzendari-ordezkari bezala, gaia ikastolako asanbladara eraman nuen. Gurasoek osatutako kooperatiba izanik, horrelako kontuak asanbladan erabakitzen dira. Bada, asanbladak oso argi ikusi zuen hitzordua Amurrion egin behar zela, eta berriz ere eredu hori Olarizutik hona ekarri behar genuela. Besteak beste, neurtu zen hemen daukagun muskulua eta indarra. Amurrio eta Aiaraldea gai izan daitezkeelako halako jai bat antolatzeko. Eta hala izan da: erabakia hartu genuenetik, oso pozik gaude egin dugun lanarekin. Ilusio asko, bada, beste behin jaia Amurrion delako. Kontuan izan behar da 2013tik ez dugula Amurrion ospatu. 2020an pandemiagatik bertan behera utzi behar izan genuen. Beraz, orain herria gurekin batu da. 

Nola izaten ari da guraso eta ikasleen parte hartzea? 

Hasieratik erabakia gurasoen artean hartu zen. Orduan, gurasoen laguntza ezinbestekoa izan da, eta jai honek behar dituen batzordeetan parte hartzen ari dira. Batzuk zuzenean egiten ari dira; eta, beste batzuk, zeharka. Laguntza eskertzekoa da beti. Eta ikasleak ere lanean jarri ditugu, eta hainbat dinamika egin dituzte. Orain, hain zuzen, Euskal Herrian ditugun pertsona ezagunekin harremanetan jartzen ari dira DBHkoak, gure jaira etor daitezen gonbidapena bideratuz. Grabaketak eta gidoitxoak lantzen ari dira, besteak beste. 

Ikastolan arlo askotan "aitzindariak" izan direla babestu du Ugartek. Argazkia: ARESKETA

Nola izaten ari da harremana udalarekin eta gainerako erakundeekin?

Honelako jai bat ez da soilik jaia bera, behar duen azpiegitura guztia baizik. Aresketa ikastolak lekukoa hartu zuen unetik eta data zehaztu genuenetik, lehendabiziko hartu-emanak izan genituen udalarekin, eta dena ahalbidetu dute: laguntza jaso dugu eta hartu-emanak errazak izan dira. Gainerako instituzioekin ere harremanetan egon gara, Foru Aldundiarekin, Hezkuntza Sailarekin… eta jaia burutu dadin erraztasunak izan ditugu. 

Arlo pedagogikoari dagokionez, zer lantzen ari zarete? 

Gurasoen kooperatiba elkarte bat gara, eta izaera horrek ematen digun autonomiari esker eredu askotan aitzindariak izan gara. Gaur egungo gizarte eredu nahasi hauetarako egokitu behar diren proiektuak bultzatu nahi ditugula. Horiek bultzatzeko kudeaketa eredu propio bat eraiki dezakegu. Kooperatiba izaera horrek ematen digun autonomiarekin, hain zuzen. Oso argi daukagu euskarazko hezkuntza dela gure oinarria, baina ateak zabalik ditugu jatorri, kultura eta hizkuntza anitzeko familientzat. Kulturartekotasuna aberastasun gisa ulertzen dugu, elkarbizitza errespetatuz eta naturaltasunez kulturartekotasun hori lantzen. Aresketa ikastolan, komunitatearentzat haztea ez da soilik etapa akademikoak gainditzea. Azkenean, etorkizuneko euskal herritar osoak hezten ari gara. Horretan jardun dugu ia azken 50 urteetan, datorren urtean beteko dugulako urteurrena. 

"Amurrion herritarren %4k baino ez dute euskara erabiltzen egunerokoan"

Arlo praktikoan, eskuratutako diruarekin zer egingo duzue? 

Askotan ikastolok azpifinantzatutako proiektuak izanik, argi dago honelako proiektuentzako beste finantzazio iturri bat izaten dela hau. Baina lehen aipatu bezala, gurasoen erabakitik aterako da dirua zertara bideratu. Hortik harago, oso argi daukagu gure hizkuntzari, euskarari, alegia, bere biziraupenerako beharrezko indarra eman nahi diogula. Euskararen erabilera herrian eta eskualdean oso eskasa da, eta uste dugu Aresketa ikastolako komunitatean aldarrikapen honen ingurumarian benetan eragin dezakeela. Eta, bestetik, gure proiektua ezagutarazi nahiko genuke. Euskara eta haren transmisioa aurrera eraman eta, batez ere, giza baliabideetan inbertitzea, gure sektore honetan beharrezkoa delako. 

Amurrioko hizkuntza egoeraren bilakaera nola ikusten duzu? 

Ezberdindu beharra dago ezagutza eta erabilera. Ezagutzaren aldean aurrerapauso handiak eman dira ikastolak sortu zirenetik. Egoera aldatu da, baina erabilera oraindik oso eskasa da. Datuak badaude, gainera. Udalak emandako datuen arabera, herritarren %4k baino ez dute euskara bere egunerokoan erabiltzen normaltasun osoz. Horregatik uste dut zeregin handia dugula. Ez bakarrik herrian, Aiaraldea osoan baizik. 

Itxasori berari dagokionez, zelan dago zuzendari hau? 

Zuzendari bezala, nire laugarren urtea da. Baina oso gogotsu daramat. Oso gustura nago, baina erantzukizun eta ardura handia da, ikastolaren ordezkari nagusi izanda. Baina, zorionez, kristoren lantaldea daukat, bai eta beti laguntzeko prest dagoen komunitate bat ere. Horrek indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko. Familiak laguntza handia eskaini dit, eta hari ere eskertu nahiko nioke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago