Aretako Vibrantz fabrikan aste honetan izandako lan heriotza salatzeko ehunka pertsona bildu dira Laudion. Isilik egin dute ibilbidea, eta herriko plazan minutu bateko isilunea eta txaloak eskaini dizkiote hildako langileari.
Deitzaileek azaldu dutenez, gas naturala erretzeko labe batean mantentze lanak egiten ari zirela gertatu zen istripua, eta azpimarratu dute labe horrek aurretik arazoak zituela. Horregatik, eskatu dute gertatutakoa "sakon ikertzeko" eta argitzeko neurriak hartu ditzatela.
Halaber, baliabide gehiago jarri behar direla aldarrikatu dute, antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen, "ez Vibrantzen, ez Laudion, ez Aiaraldean, ez inon". Enpresei, Osalan-i eta erakunde arduradunei "erantzukizun handiagoa eta inplikazio errealagoa" eskatu diete.
Deitzaileen hitzetan, lan heriotzak "enpresen erabakien, prebentzio neurrien murrizketen eta erakundeen kontrol eskasaren ondorio" dira. "Baliabiderik eta zigorrik gabe prebentzioa hitzetan geratzen" dela salatu dute.