Etxaurren ikastolako autobusak gaur goizean izan duen istripuak agerian utzi du errepide horren inguruko kexa zahar bat, Aiaraldea hedabideak ezagutzera eman duenez. Kamioi bat aldi berean bidea zeharkatzen ari zela, eta bidearen estutasuna dela eta, autobusak errepidetik atera behar izan du talka saihesteko. Ez da zauriturik egon, baina gertatutakoak haserrea eragin du berriro, lehendik ere trafiko ezbehar asko izaten baitira puntu horretan, azkena maiatzaren 19an.
Ezbeharraren ostean, Okondo eta Aiarako Udalek berriro exijitu diote Jon Nogales Aldundiko Diputatuari azpiegitura horretako arazoak behin betiko konpon ditzaten. Gaur bertan, Okondoko Udalak zuzenean helarazi dio gertatutakoaren berri Nogalesi, eta Aiarako Udalak eskutitz bat bidali dio, duela aste gutxi puntu horretan esku hartzea eskatuz bidali zion komunikazioari jarraipena emanez.
Bi erakundeak bat datoz kexetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela, eta azpiegiturak ezinbesteko hobekuntzak behar dituela erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.