Langile bat hil da gaur goizaldean Laudion, Vibrantz pintura industriala ekoizten duen fabrikan gertatutako lan istripu batean. Zabaldutako lehen informazioen arabera, labe bat lehertu da pigmentuak fabrikatzen dituen lantegi horretan eta behargin bat hil da eztanda horren ondorioz.
Arabako foru suhiltzaileak eta Osalaneko teknikariak bertaratu dira fabrikara, eta istripuaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik.
LAB sindikatuak berri eman duenez, 49 urteko J.B.V. langilea da zendutakoa eta mantentze lanetako langilea zen. Matxuratutako labe bat konpontzen ari zen istripua gertatu den unean. Labearen leherketak bete-betean harrapatu du.
Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea enpresaren atarian
Vibrantz enpresako langileen batzordeak elkarretaratzea deitu du hilaren 10ean goizean enpresaren atarian. Era berean, Aiaraldeko Greba Batzordeak arratsaldean mobilizazioa egingo du.