Hamabost egun igaro dira Gazara bidean laguntza humanitarioa eramatera zihoan Global Sumud Konboia Sirteko (Libia) bidegurutzean gelditu eta konboiko hamar lagun atxilotu zituztela. Haizea Urkixo Global Sumuden lurreko konboian parte hartu duen laudioarrak ALEAri adierazi dio bahitutako ekintzaileen egoera "muturrekoa" dela.
Urkixok nabarmendu du espetxe isolatu batean daudela konboiko kideak eta "tratu txarrak" jasaten ari direla. Kartzela hau black site, zulo beltza edo ezkutuko atxilotze zentroa bezala ezagutzen da. Kanpokotik, familietatik eta abokatuetatik zeharo isolatuta daudela azaldu du Urkixok. "Bertan ez dute errespetatzen prozesu legal batek izan behar dituen bermeak. Legez kanpoko migranteak bezala epaituko dituztela esan dute, baina hori izan daiteke hemendik hilabetera edo hiru urtera".
Gose greba globala
Egoera nahasiaren eta larriaren aurrean asteburuan mobilizazioak egin dira hainbat herrialdetan, tartean Euskal Herrian, eta gaur hamahiru herrialdetako 27 ekintzailek osatutako talde batek gose greba jarri du abian, konboiaren hamar kideak aske uztea eskatzeko. Urkixok gogoratu duenez, bahitutako boluntarioek ere gose eta egarri greba bat hasi zuten ekainaren 1ean. Hori dela eta elkartasunezko Gose Greba Globala antolatu da bost kontinenteetan.
Karabanak Mauritanian hasi zuen ibilbidea maiatzaren 15ean, Nakba palestinarraren ospakizunarekin batera. Afrika iparraldeko zenbait herrialde zeharkatzeko asmoa zuen, Rafah mugara iritsi arte, Egipto eta Gaza artean. Konboiak zazpi anbulantzia, 20 etxe mugikor eta 10 kamioi ere garraiatzen zituen, gazatarren laguntzarekin.
Karabanako hamar kideak Sirtetik (Libia) gertu atxilotu zituzten, Tripoli hiriburua eta Bengasi artean dagoen kostaldeko hiri batean, 230 pertsonaz osatutako karabana osoaren pasabidea negoziatzen ari zirenean. Konboi humanitarioak Magrebeko mendebaldea zeharkatu zuen gorabeherarik gabe, baina ez zuen lortu Libiako ekialdeko aldea zeharkatzeko baimena, gaur egun Jalifa Hafter mariskalaren eskuetan dagoena.
Achraf Khoja, Lucas Ezequiel Aguilera, Maria Paula Gimenez, Ana Margarida França Santana Baptista, Domenico Centrone, Leonarda Dina Alberizia, Jenelle Jones, Matias Alvarez, Laura Kwoczala-Alsubaih, Mehdi Buzguenda eta Alicia Armesto dira espetxeratu dituzten lagunak.