Tubos Reunidoseko Amurrioko eta Trapagako enpresa batzordeko ordezkariek, bakoitzak bere aldetik, agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean, enpresak bizi duen egoera azaltzeko. "Gardentasuna" eta "konpromiso zehatzak" eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari lanpostuei eta altzairutegiari eusteko eta logistika arloa ez kanporatzeko.
"Etsigarria" jo du EAJren eta PSEren hitzartzeak LAB sindikatuak ohar batean. "Beste behin ere hitz hutsak entzun ditugu, plantillaren ardurari egindako dei orokorrak eta konpromiso itxurako mezuak".
Gogoratu dute hilabete luzeak daramatzatela langileen gaineko "presioak eta exijentziak" entzuten, enpresa gaurko egoerara eraman dutenak "babesten diren bitartean". "Diskurtso instituzional asko, –esan dute– baina informazio zehatzik ez, gardentasunik ez eta Tubos Reunidosen etorkizun industriala bermatzeko benetan zer neurri hartuko dituzten azaltzeko borondaterik ere ez".
Inbertsore berriak
Hain justu langileen agerraldiaren egun berean Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak esan du Tubos Reunidosen interesa duten "inbertsore berriak" daudela. Mikel Jauregi sailburuak, halere, zehaztu du oraindik ez dagoela "proposamen zehatzik".
Sailburuaren hitzak gutxietsi egin ditu LAB sindikatuak. "Hilabeteak daramatzagu diskurtso hori entzuten, baina oraindik ez da ezer zehatzik mahai gainean jarri. Plantillak ziurtasunak, gardentasuna eta benetako konpromisoak behar ditu, ez titularrak eta adierazpen hutsak", esan dute.
Legebiltzarrean egindako agerraldian, langileen ordezkariek berretsi dute Tubos Reunidosen arazoa ez dela inoiz plantilla izan, ezta haren lan baldintzak ere. "Benetako arazoa finantzarioa izan da, eta hala izaten jarraitzen du, enpresaren eta Aiaraldea osoaren etorkizun industriala arriskuan jarri duten enpresaren erabakiak eta kudeaketa txarra".
Erantzukizun falta
Gogorarazi dute, gainera, 2008an jada 170 milioi euroko zorra sortu zela akziodunen arteko finantza operazio baten ondorioz, eta ziurtatu dute hor dagoela gaur egungo egoeraren jatorri nagusietako bat. Era berean, azpimarratu dute 2021ean enpresak 112 milioi euro jaso zituela SEPIren diru publikotik, eta gaur egun oraindik inork ez duela "gardentasunez" azaldu zer egin den diru horrekin eta nork hartuko dituen erantzukizunak.
Halaber, salatu dute prozesu osoan zuzendaritzak gardentasunik gabe jokatu duela, langileen ordezkaritzari benetako informaziorik eman gabe eta esanez irtenbide bakarra kaleratzeak, altzairutegiaren itxiera eta logistika kanporatzea zirela. "Gaur argi geratu da neurri horiek ez zutela ezer konpontzen, EREa eten egin delako eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan amaitu duelako".