Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu eta gero sortu den egoera berria dela eta, greba mugagabea bertan behera uztea erabaki du Tubos Reunidoseko langileen gehiengoak ELA, LAB eta ESK sindikatuen proposamenari jarraituz. Ondorioz, astelehenean 06:00etan lanera itzuliko dira Amurrioko lantegira.
Sindikatuek grebaren balorazio positiboa egin dute, eta azpimarratu dute enplegua erregulatzeko espedientea ez dela onartu. Euren ustez, horri argi berdea eman izan baliote antzeko egoeran egongo lirateke –hartzekodunen konkurtsoan–, baina lanpostu ugari galduta, altzairutegiaren itxiera eta logistika kanpora ateratzea ekarriko zuelako espedienteak. "Horregatik defendatzen dugu grebara joatea erabaki zuzena, koherentea eta beharrezkoa izan zela", esan dute.
Konkurtsoarekin mintzakide berri bat sartzen dela adierazi dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek, administrari konkurtsala eta "une bakoitzean borroka tresnak egokitu behar dira", argitu dute. "Gaur egun guztiz bestelako egoera bat dago, hartzekodunen konkurtsoa, elkarrizketa berri bat eta konkurtso prozesuaren barruan etendako neurri batzuk daude".
Langileen ordezkariek azaldu dute erakunde publikoen gaineko presioa biderkatzeko ahalegina egingo dutela hemendik aurrera. "Bilerak eskatuko dizkiegu Eusko Jaurlaritzari, Industria sailari, aldundiari eta inplikatutako gainerako eragileei, Tubos Reunidosen etorkizun industrialari buruzko azalpenak, gardentasuna eta konpromiso argiak eskatzeko". Gainera ohartarazi dute "desindustrializazio eragiketa oro" eta Amurrioko jarduera husteko edozein saiakera salatzen jarraituko dutela.
Mobilizazioekin aurrera
Hala, lehen hitzordua maiatzaren 26an epaitegian izango duten bilera izango da, non administrari konkurtsalak, zuzendaritzak eta langileak batuko diren. Egun horretan 24 orduko lanuztea egingo dute, langile orok parte har dezan Gasteizen deituko duten elkarretaratzean. Maiatzaren 28an, berriz, Aiaraldeko Industria Garapenerako Mahaiaren testuinguruan ere protesta egingo dutela aurreratu dute.
Bestalde, ELAk, LABek eta ESKk argi utzi nahi izan dute greba bertan behera uzteak ez duela zerikusirik aurreko astean Tubos Reunidoseko 232 langilek greba bertan behera uztearen alde egin zuten bozketarekin. "Deialdi hura presio mediatiko eta enpresarial handiko testuinguru batean egin zen, eta erabili zen soilik enpresaren egoeraren erantzukizuna grebari leporatzeko eta langileak zatitzeko kontakizun bat elikatzeko", argitu dute.