Ehun lanpostu sortzea aurreikusi dute Murgako zerrategi berrian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 12a

Murgako zerrategia inauguratu dute. Argazkia: IREKIA.EUSKADI

ETORKI eta Lanak Aiaraldean eraiki duten lantegi berria inauguratu du Imanol Pradales kehendakariak.

Urtean 80.000 metro kubiko egur ekoiztetik 300.000 produzitzera pasako dira Mondragon taldeko Etorki eta Lanak kooperatiba Murgako zerrategi berrian. Gainera, ehun lanpostu gehiago sortzea aurreikusten dute Aiaraldean.

Astelehenean inauguratu dute zerrategia, Imanol Pradales lehendakariak, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarekin, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin eta Pruden Otegi Aiarako alkatearekin batera. Lehendakariak azpimarratu du lantegiak "Euskadik egurraren eraldaketan duen posizionamendua" indartzen duela eta enpleguari eta lurralde garapenari lotutako jarduera industriala sendotzen duela.

Insignis pinua eraldatzeko

2022 eta 2026 artean garatutako proiektuak 67 milioi eurotik gorako inbertsioa izan du. Horietatik 12 milioi euro baino gehiago Eusko Jaurlaritzak jarri ditu, Handitu eta Handitu Egurra programen bidez, enpresaren lehiakortasuna eta inguruan duen eragina indartzen laguntzeko.

Egungo lantegiaren ondoan dagoen 95.000 metro koadroko lurzatian kokatutako instalazioak egurra osorik prozesatzeko teknologia aurreratua du, enborra sartzen denetik industria eraldaketara arte. Batez ere insignis pinua eraldatzeko sortutako lantegia da.

Etorki eta Lanaren industria handitze hau enpresaren hazkunde prozesuaren eta Lana S. Coop-ekin egindako integrazioaren barruan kokatzen da. Helburua da Mondragon Taldeko kooperatiba ekosistemaren barruan eskala, efizientzia eta berrikuntza irabaztea, eta merkatuaren eskari berriei erantzutea, hala nola egurrezko eraikuntza industrializatuari edo ontzi jasangarriei.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago