Grebaren aurka azaldu dira Tubos Reunidoseko 232 langile

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 7a

Grebalarien protesta artean sartu dira langileak batzarrera. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Greba bertan behera uzteko batzarra egin dute 234 langilek Amurrioko fabrikan eta ia denek greba amaitzearen alde bozkatu dute. Grebalarien iritziz, "greba eskubidearen kontrako aurrekari arriskutsua" ezartzen du gaurko asanbladak.

Greba mugagabearekin amaitzeko batzarra egin dute goizean Amurrioko Tubos Reunidoseko lantegian. Bertan parte hartu duten 234 langilek Ertzaintzak babestuta eta piketean zeuden ehunka lankideren protesten artean sartu dira fabrikara. Bozketa egin dute eta ia gehienek, 232 langilek, greba bertan behera uztearen alde bozkatu dute.

Alta, Amurrion guztira 889 langile daude eta gutxiengo batek parte hartu du goizean grebaren aurka antolatutako batzarrean. Izan ere, langileen batzordeko gehiengoa —ELA, LAB eta ESK— greba mugagabearen alde dago, eta bozketa egin gabe grebari eustearen alde daude. "Lantaldea 889 kidekoa da eta gehiengo handi batek ez du bozketa hau babestu", gogoratu dute grebalariek.

Aiaraldea.eus-ek jaso duenez, bi orduz luzatu da batzarra. Orotara 234 langilek hartu dute parte eta bi galderari erantzun behar izan diote bozka bidez. Lehendabizi, greba mugagabearen jarraikortasuna erreferendum bidez ebatzi nahi zuten erantzun dute, eta parte hartzaile guztiak agertu dira horren alde.

Bigarrenik, greba mugagabearen jarraikortasuna bera bozkatu dute. Guztira 232 boto zenbatu dituzte greba etetearen alde, boto bat grebarekin jarraitzearen alde eta azken boto bat zuri.

Batzarraren deitzaileek ekintzaren balorazio positiboa egin dute, "piketeak baino 234 langile gehiagori ahotsa eman" dietela aldarrikatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago