Arabako Foru Aldundiari papera eta kartoia biltzeko zerbitzua hobetzeko eskaera berretsi du gaur Laudioko Udalak, eta gogoratu du aspaldiko arazoa dela konpondu gabe dagoena, eta herritarren ongizatea jokoan dagoela.
"Azken hilabeteetan, udal honek bere baliabide propioak erabili behar izan ditu herriko garbiketa bermatzeko, aldundiak dagokion zerbitzua behar bezala eskaintzen ez duelako", adierazi du Ainize Gastaka alkateak. Egoerak denboran luzatzen ari den gabezia agerian uzten duela uste du, eta gaineratu du ezinegona eta haserrea sortzen ari dela herritarren artean. "Gainera, bizilagunen kexak zuzenean udalera iristen ari dira, nahiz eta zerbitzuaren ardura aldundiarena izan".
Zerbitzuaren gabeziaz gainera, informazio falta leporatu dio alkateak aldundiari; Gastakaren esanetan zerbitzuaren maiztasunari buruzko informazioa ez du eman aldundiak eta horrek zerbitzuaren jarraipena eta kontrol egokia egitea zaildu egiten du.