Azken hilabeteetan jasaten ari den "diruzaintzako tentsioen" ondorioz astelehenean aurkeztu du Tubos Reunidosek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa epaitegian. Enpresaren zuzendaritzaren arabera, tentsio horiek areagotu egin dira Amurrioko lantegiko jarduera nahi gabe gelditu behar izan duelako, langileen greba dela eta.
Tubos Reunidosek azaldu du kaudimen gabezia egoeratik gertu dagoela. "Hala ere, administrazio kontseilua bideragarritasun plan bat lantzen ari da azken hilabeteetan, sozietatearen eta haren filialen jarraipena sustatzeko", ziurtatu dute.
Gauzak horrela, espediente bitartez egin nahi zituzten kaleratze guztiak eten ditu momentuz enpresak. Egoera berria azaltzeko, bilerak egingo ditu zuzendaritzak Amurrio eta Trapagarango langile batzordeekin asteazkenean.
Albistearen aurrean, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzaren Industria sailburuak "elkartasuna eta babesa" adierazi die Amurrioko plantako langileei, haien familiei eta Aiaraldea osoari; "Tubos Reunidosen egoeraren ondorioz hilabeteak daramatzate sufritzen", esan du.
Etapa berri bat
Hartzekodunen konkurtsoarekin etapa berri bat ireki dela uste du Jaurlaritzak. "Etapa berri horrek lehentasuna eman behar dio industria jardueraren jarraitutasunari eta enpresaren enpleguari, eta, aldi berean, zorraren berregituraketari, epe ertain eta luzean enpresa bideragarri bat eraikitzea ahalbidetuko duen proiektu sendo baten diseinuari", esan du Jauregik, eta gogoratu du horren alde egiteko prest dauden inbertitzaile berriak bilatzen ari direla.
Ildo horretan azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak "erabateko konpromisoa" duela Tubos Reunidosen proiektu berri baten bideragarritasuna babesteko; eta berretsi du etapa berri bat ireki dela, "non denok – bakoitzak bere ardura eta konpetentzietatik – modu kooperatiboan lan egin behar dugun".
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak, bere aldetik, jakinarazi du "kautelaz eten" duela Tubos Reunidosek burtsan zuen jarduna, "balore horien gaineko eragiketen garapen normala eragotz dezaketen inguruabarrak daudelako".