Reincidentes, Xiberoots eta Nil Moliner izango dira Laudioko jaietan

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 29a

Abuztuaren 27an izango da Xiberrootsen kontzertua. Argazkia: XIBEROOTS

Guztira, 983 herritarrek parte hartu dute San Roke jaietako kontzertuak aukeratzeko bozketan.

Bigarren urtez, laudioarrek zuzenean erabaki dute abuztuaren 16, 27 eta 28an oholtza gainera igoko diren musika taldeak. Guztira, 983 herritarrek parte hartu dute San Roke jaietako kontzertuak aukeratzeko bozketan, eta hauek izan dira hautatutakoak: Reincidentes abuztuaren 16an, Xiberoots abuztuaren 27an eta Nil Moliner abuztuaren 28an.

Prozesuan zehar ezusteko bat gertatu da abuztuaren 27ko eskaintzarekin: Süne kantariak boto gehien jaso bazituen ere, ezin izango du Laudion jo beste herri batekin zuen konpromiso batengatik. Horren aurrean, Udalak eta jaietako lan taldeak erabaki bateratua hartu dute, eta bozketan bigarren geratu den taldea, Xiberoots, programatzea adostu dute.

Udalak musika estiloen aniztasuna eta euskararen presentzia bermatu dituela jakinarazi du ohar batean, eta oholtza nagusian parekidetasuna lortzeko zailtasunak ere aitortu dituzte:"Genero guztiek oholtza gainean presentzia izatea gustatuko litzaigukeen arren, aurten ez da hori lortzerik izan. Hori dela eta, balio hori herriko beste espazio eta jardueretan sustatzeko konpromisoa hartuko du udalak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago