Basa zikloa aurkeztu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 24a

Amaia Mirandak kontzertua eskainiko du lehen topaketan. / Argazkia: A: MIRANDA

Natura, euskara eta gorputza uztartzen dituen sorkuntza ziklo berria hasiko dute bihar.

Basa zikloa aurkeztu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, apiriletik ekainera bitartean kulturgintza biziberritzeko asmoz sortutako ikerketa eta sorkuntza egitasmo berria. Ziklo artistiko honek hiru ardatz nagusi ditu: natura, euskara eta gorputza. "Helburua hitzetatik harago doazen jakintzak esploratzea da, paisaiak eta euskararen magalean sortutako sentsazioak erdigunean jarriz", azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, diziplina anitzeko artistak eta ikerlariak bilduko dira, hala nola Idoia Zabaleta, Miren Gaztañaga, Ivan Telletxe, Inge Mendioroz edota Mikel Ayllon, arte plastikoak, dantza, musika eta arkitektura bezalako eremuak jorratzeko.

Egitasmoari hasiera emateko, larunbatean, apirilaren 25ean, egun osoko egitaraua antolatu dute Faktoriatik gertu dagoen naturgune batean. Goizean, Garaion Sorginguneko lantaldearen eta Idoia Zabaletaren eskutik sorkuntza kolektiboa eta performancea egingo dituzte, Jasone Mitxeltorenak gidatutako Auzolan kultura hausnarketarekin batera. Ekimen horren bidez, "esperientzia kolektibo bizigarriak sustatu eta saretze basatiak eragin" nahi dituzte, komunitateari sorkuntza prozesuetan parte hartzeko aukera emanez.

Eguneko egitarauak iluntzean jarraituko du ekitaldi kultural eta gastronomikoekin. Faktoriako Elikadura Ildoak prestaturiko dastaketaren ondoren, Lurdes Iriondoren inguruko Ez gara alferrik pasako dokumentala proiektatuko dute. Eta eguna amaitzeko, Amaia Mirandaren bakarkako kontzertua eta Berbalabanakaz taldearen musika zuzenean gozatzeko aukera egongo da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago