EAEn bermuta ekoizten dituen bi enpresak Amurrion daudela aldarrikatu eta udalerriak "Euskal Herrian bermutaren kulturan" duen "erreferentziazko rola" baliatu nahi du Amurrioko Udalak aurrenekoz egingo duen Bermut Eguna deitzeko.
Maiatzaren 24an antolatu dute hitzordua, musika eta gastronomia uztartuz. Vermuteke izendatu dute deialdia, Amurrio "edari hori eta tokiko kultura gastronomikoa maite dutenen topagune" bihurtu asmoz.
Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak, Arantza Egia Ekonomia teknikariak, Santiago Bronchales Destilerías Acharen zuzendariak eta Gaizka Barañano Licores Barañanoren ordezkariak aurkeztu dute gaur ekimena.
Zuzeneko musika, janaria eta "publiko guztientzako pentsatutako jai giroaz" gain, bi destilategiek egiten dituzten zazpi bermutak dastatzeko aukera egongo da, bai eta I. Marianito Preparatu Txapelketan parte hartzeko unea ere.
Bronchalesek gogora ekarri du bere familiako enpresa 1831n Bilbon hasi zela, eta 1881ean Amurrion finkatu zela. "Oso errezeta zaharrak gordetzen ditugu, batzuk 1883koak dira, eta gaur egungo gustu eta kontsumitzeko moduetara egokitzen jakin dugu, funtsa galdu gabe", ziurtatu du.
Barañanok, berriz, proiektuaren "osagai emozional eta familiarra" aldarrikatu du, halakoetan aritzen den familia bateko bosgarren belaunaldikoa dela esanez.