Ertzaintzaren aurkako pintada berri bat egin dute igandean Amurrion. Oraingoan, El Refor kirol guneko futbol zelaian idatzi dute euskal polizia jomugan duen mezua. Ertzaintzaren kontrako ohiko irainaz gain, ezezagunek oraingoan "jazarle" terminoa gehitu diote mehatxuari, aldarrikapen politiko bati lotuta.
Horien aurrean, udalak ohar batean adierazi du herria "elkarrekiko errespetuan, aniztasunean eta balio demokratikoetan oinarritutako bizikidetza gunea" dela. Udal taldeak sinatutako agiriaren arabera, "ekintza bandalikoek, ondare komuna hondatzeaz gain, konfrontazioa erein eta komunitate gisa defendatzen dugun errespetu instituzional eta sozialaren oinarrizko printzipioak ahuldu nahi dituzte". Dei egin dute horrelakoak "ez normalizatzeko".
Iazko irailean kirol entrenatzaile gisa diharduen ertzain zehatz baten kontrako pintadak egin zituzten beste futbol zelai batean. Kasu horretan, Basarteko zelaian. Aurten, urtearen hasieran, beste bitan euskal polizia jomuga zuten pintadak egin zituzten herrian, heriotza mehatxuekin.