Laudioko Udalak azken 10 urteetan egin dituen kontratazioen kanpo auditoria independente baten beharra defendatuko du gaur arratsaldeko osoko bilkuran. Udal gobernu taldeak kontratazio arloan izan behar den jardunbidea arduraz hartzen duela ziurtatu du, eta horregatik aitortu du "gauzak ez direla ondo egin" eta akatsak izan direla.
"Udalekuen kontratazioa akats horietako bat izan da, eta barne azterketa baten ondorioz egiaztatu dugu 2025-2026ko Gabonetako programazioan ere hainbat kontratazio ez zirela behar bezala egin. Horretan ere autokritika egin behar dugu, eta ez dugu beldurrik”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Alta, udal gobernuak akats horiek ezin direla testuingurutik kanpo ulertu azpimarratu du. Izan ere, udaletxean aspaldidanik dauden "gabezia estrukturalek" kontratazioaren kudeaketa zailtzen dutela uste dute. "Urteak igaro arren, kontratua amaituta duten hainbat zerbitzu ordaintzen jarraitzen da, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu kontratazio berriak garaiz eta behar bezala egiteko".
Egoerari aurre egiteko, Laudioko Udalak kanpo auditoria independente baten beharra defendatuko du gaurko osoko bilkuran, kudeaketa publikoa hobetzeko tresna egokia delako. Neurri horren helburua ez da "irudiari eustea edo presio politikoei erantzutea", baizik eta gertatutakoa "modu zorrotz eta objektiboan aztertzea", akatsak identifikatu eta etorkizunera begirako hobekuntza neurriak oinarri tekniko sendo baten gainean proposatzeko. Modu horretan, udal gobernuak bilatzen du eztabaida datuetan eta analisi objektiboetan oinarritzea, "eta horrek Laudioko administrazioaren funtzionamendua hobetzen lagunduko du, herritarren mesedetan".