Kalean bizi diren pertsonei arreta emateko estrategia adostu dute Aiaraldean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 19a

Bilera egin dute Laudio, Aiara eta Artziniegako alkateek. Argazkia: ZUIN

Errolda soziala ezartzeko protokolo bateratu baten lanketan ari dira Laudio, Aiara eta Artziniegako udalak.

Laudio, Aiara eta Artziniegako udalak estrategia bateratu bat lantzen ari dira kalean bizi diren pertsonei arreta emateko, Aiaraldean "gero eta ageriagoa eta larriagoa den errealitate sozial bati modu koordinatuan erantzuteko" helburuarekin.

Udalek azaldu dutenez, Aiaraldeara iristen diren pertsona migratzaile gehienek zaurgarritasun egoeran egiten dute, eta Araban eskuragarri dauden baliabide gehienak Gasteizen kontzentratuta daude. Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek esan dutenez, hainbat ekimen jarri dituzte martxan, baina gaur egun ez dira nahikoak "egoeraren larritasunari erantzun egokia emateko".

Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek errolda soziala ezartzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta teknikoak eskatu dituzte, tresna hori funtsezkotzat jotzen baitute pertsona guztiek oinarrizko eskubide eta zerbitzuetara sarbidea izan dezaten.

Migrazio teknikaria

Halaber, Gizarte Politiketako foru diputatuari, Gorka Urtarani, Aiaraldeko Kuadrilla osoari zerbitzua emango dion migrazio arloko teknikari baten esleipena eskatu diote. Figura horren bidez lortu nahi da lurraldeko errealitatearen jarraipen zuzena egitea, udalerrien arteko koordinazioa indartzea eta kale egoeran edo bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza eraginkorra bermatzea.

Era berean, udalerri txikienetan kale hezitzaileen figura ezartzearen aldeko apustua egin dute, bai eta pertsona horien autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuko dituzten prestakuntza eta laneratzeko programak abian jartzearen aldekoa ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago