Asteburuan Amurrion Ertzaintzaren aurka egin diren pintaketak gaitzetsi ditu bertako udal gobernu taldeak. Adierazpen batean, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu taldeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du pintada horren harira. Agertutako pintadak heriotza opa dio Ertzaintzari, zenbait sektoretan euskal poliziei deitzeko zabalduta dagoen irain batez lagunduta. Ez da herrian horrelako mehatxuak gertatu diren kasu bakarra. Joan den urtarrilaren 25an ere ertzain zehatz baten aurkako pintaketa egin zuten herriko zubi batean.
Oharrak dioenez, "zoritxarrez behin baino gehiagotan errepikatu" diren gertakariak "auzokide guztien ongizatearen alde lan egiten duen" erakunde baten aukako "eraso jasanezinak" dira. Udal taldeak dio horrelako portaerak "ezin direla normalizatu", eta ez dutela halakorik egingo.
Ertzaintzaren ESAN sindikatuaren arabera, ertzainentzako heriotza eskatzea ez da adierazpen askatasuna, "gorrotoa eta seinalatzea egitea baizik". Bestetik, Amurrioko EH Bilduk ere gertatukoa salatu du, pintada hori "arbuiatuz". Ohar batean adierazi dutenez, "udalerrian zoritxarrez errepikatzen ari diren horrelako ekintzek ez dute ordezkatzen Amurrioko herritarren gehiengoaren iritzia, eta ez diote ekarpenik egiten udalerriko bizikidetzari".