Amurrioko Tubos Reunidosen 15 lanuzte egun deitu dituzte kaleratzeen aurka

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 11

Hainbat protesta abiatu dituzte Tubos Reunidoseko langileek. Argazkia: UGT

Bost greba egun oso eta hainbat lanuzte partzial egingo dituzte, 301 langile kaleratzeko asmoen aurka. Ostiral honetan ere greba eguna dute deitua.

Tubos Reunidosen Amurrioko plantako langileek mobilizazioak areagotzea erabaki dute, enpresak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Astearte arratsaldean ia hiru ordu eta erdiko asanblada izan ondoren, plantillak 15 lanuzte egun iragarri ditu martxoaren 9ra arte. ELA eta ESK sindikatuek defendatutako greba mugagabea ez da oraingoz abiatuko.

Erabakia EEEaren xehetasunak ezagutu eta egun gutxira hartu da. Aurkeztutako 301 kaleratzeetatik 274 Amurrioko plantan egingo lirateke, hau da, bertako langileen ia %30. Gainera, planak "jardueraren etetea" aurreikusten du Amurrioko azerian, eta sindikatu batzuek hor ikusten dute itxiera arrisku argia.

Komiteak adostutako egutegian bost greba egun edo "lanuzte oso" jaso dituzte. EEEaren negoziazio bilerak egiten diren egunetan egingo dute greba, hau da, otsailaren 17, 23 eta 26an, eta martxoaren 4 eta 9an. Ostiral honetarako ere greba deitua zuten, baina honakoa aurrez deituta zegoen.

Gainerako egunetan, lau orduko lanuzteak egingo dira txanda bakoitzean, otsailaren 18tik martxoaren 6ra. Horrela, Amurrioko plantak egunero izango du mobilizazioren bat, osoa edo partziala, kontsulta epea amaitu arte. Enpresa batzordeko presidenteak, UGTko Andres Garciak azaldu du helburua argia dela: "EEE hau gelditzea eta bertan behera uztea". Enpresak, bere aldetik, presazko negoziazioa eskatu du, "egoeraren okertzearen ondorioz neurri gehigarriak" hartu behar ez izateko.

Greba mugagabea, oraingoz baztertuta

ELA eta ESK greba mugagabearen alde agertu dira hasieratik, neurri "proportzional" bakarra dela uste dutelako 301 kaleratzeei aurre egiteko. Hala ere, atzoko asanbladan ez zen proposamena bozkatu, eta oraingoz ez da bide hori jorratuko. ESK sindikatuak, gainera, bi plantetako batzordeen arteko erantzun bateratua eskatu du, Trapagaranen ere 27 kaleratze aurreikusten baitira.

Amurrioko erabakiak kontraste nabarmena du Trapagaraneko egoerarekin. Bertan, oraindik ez da lanuzterik egin, eta sindikatuak afiliatuekin kontsultak egiten ari dira. Aldea handia da, Trapagaranen 27 kaleratze aurreikusten dira, 330 langileren artean (%8 inguru). Amurrion berriz, 274 kaleratze 900 langileren artean (ia %30).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago