Artziniegako Museo Etnografikoa adiskide bila ari da

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 13a

Museoan herritarren parte hartze "akitboa" sustatu nahi dute. Argazkia: ARTZINIEGAKO UDALA

Euskal Herrian "bakarra den altxor etnografikoa" berreskuratu, kontserbatu eta balioztatzeko" kanpaina abiatu du udalak. 

Artziniegako Udalak Museo Etnografikoaren Adiskidearen figura berria jarri du abian, museoarekiko "lotura" indartzeko. Ohar batean ezagutzera eman duenez, urtean kuota bat ordainduta adiskideek hainbat abantaila izango dituzte: urte osorako doako sarrera, bi euroko deskontua adiskidearekin batera doazenentzat —bost lagun, gehienez—, museoak antolatutako ekitaldi publiko guztietarako gonbidapena eta %25eko deskontua udalak urtero antolatzen duen kultur txangoan.

Modu horretan, Euskal Herrian "bakarra den altxor etnografikoa berreskuratzen, kontserbatzen eta balioztatzen laguntzea eta parte aktiboa izatea" sustatu nahi dute, herriko "proiektu estrategiko" bat babestuz, lanbide, kultura eta tradizioen memoria bizirik mantentze aldera, museoa "ezagutu, bizi, zaindu, zabaldu eta gozatuz".

Aldundiak, udalak eta Artea Elkarteak museoa finantzatzeko datozen lau urteetarako sinatutako hitzarmenaren luzapenaren ondoren dator udalaren ekimen hau. Kuotak 15 euroan hasten dira —30 urtetik beherakoentzat—; 65 urtetik gorakoek, berriz, 20 euro ordainduko dute, eta adiskide arruntek, 25. Ongile figura bat sortu dute ere, 150 euroko ekarpenarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago