Gizarte arretan Araba eta Bizkai arteko hitzarmena eskatu du Laudioko Udalak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 7a

Gizarte zerbitzuak hitzartzeko proposamena egin du Laudioko Udalak. Argazkia: ALEA

Administrazio mugen gainetik pertsonak erdigunean jartzeko eskatu du Laudioko udalbatzak.

Laudioko Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat bultza dezala, adinekoen, desgaitasuna dutenen, buruko gaixotasuna dutenen eta autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen gizarte arretako zerbitzuak modu partekatuan eta lankidetzan antolatzeko. Hitzarmen horrekin eskualdeko herritarrek gertuen dituzten baliabideak erabili ahal izatea bilatzen da, Bizkaian kokatu arren, baita Bizkaiko udalerrietan bizi diren pertsonek ere Aiaraldean kokatutako baliabideetan arreta jaso ahal izatea.

"Hitzarmen hori funtsezkotzat jotzen da eskualdean bizi diren pertsona guztiei hurbileko, berdintasunezko eta kalitatezko arreta bermatzeko, administrazio mugen gainetik, eta gaur egun dauden desorekak zein behartutako joan etorriak saihesteko", azaldu du Carmen Altuna zinegotziak. "Lankidetza horri esker, hurbileko arreta bermatzen da, pertsonen bizi kalitatea hobetzen da eta gizarte arretako zerbitzuak modu eraginkorragoan eta bidezkoagoan antolatzeko aukera ematen da, administrazio mugen gainetik pertsonak erdigunean jarriz”, gaineratu du zinegotziak.

Zerbitzu urriak

Gaur egun, Aiaraldean laguntza duen etxebizitza bakarra dago Laudion, eta okupazio maila altua du. Gainera, eskualdean ez dago eguneko zentrorik; ondorioz, adimen urritasuna duten pertsona askok Gasteizera joan behar izaten dute behar duten arreta jasotzeko. Laudioko Udalaren arabera, joan-etorriek ondorio nabarmenak dituzte erabiltzaileengan eta haien familietan: "distantzia luzeek eta ohiko desplazamenduek nekea, estresa eta antsietatea areagotzen dituzte, errutinen egonkortasuna eta esku hartzeen jarraipena zailtzen dute, eta autonomia pertsonalean zein ongizate emozionalean eragin zuzena dute".

Gainera, familiek eta zaintzaileek denbora, baliabide ekonomiko eta antolaketa karga handiagoa bere gain hartu behar izaten dutela azpimarratu du udalak, "eta horrek lan eta familia bizitza uztartzea zailtzeaz gain, gizarte arretako zerbitzuetarako sarbidean lurraldearen araberako desberdintasunak sortzen ditu".

Aurreikuspenen arabera, 2026an Aiaraldean desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentro bat eta laguntza behar duten pertsonentzako bi etxebizitza martxan jarriko dira Laudion.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago